"Proposamenak egitera joan ginen eta garbi laga nahi izan genuen herri txikiok ditugun mugikortasun arazoak", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. Hiru alkateak otsailaren 1ean egin zuten agerraldia Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzan. Lazkanok jakinarazi du Elgetarekin lotuta lau arazo nagusi nabarmendu zituela: zenbait zerbitzuren maiztasun txikia, eskaripeko autobusa eskatzeko prozesuaren erraztasun falta, Elorriorekin dagoen lotura eskasa eta taxibus zerbitzuaren egokitasuna bidaiari gutxi egoten diren kasuetan. "Lurraldebusek egindako lineen berrantolaketak ez du eraginik Elgetatik ateratzen diren autobusetan, bai ordea erabiltzaileek ondoren egin behar dituzten konexioetan. Hainbat adibide ipini genituen. Esaterako, ospitalera joateko elgetar batek egin beharrekoa. Elgetatik har daiteke autobusa eta Bergaratik Arrasatera egin, baina bueltarako gerta daiteke bi ordu itxoin behar izatea Bergaratik Elgetarako autobusa hartzeko".
Lotura Elorriorekin
Garraio publikoak Elgetan duen beste gabezia bat Elgeta eta Elorrio arteko konexioa da. "Bergararekin eta Eibarrekin nahiko konexio ona dugu, baina Elorriorekin Bilbo-Donostia egiten duen autobus zerbitzuak ditugu. Egunean bi joan etorri dira, eta domeketan joaneko bat gehiago". Alkateak adierazi du hainbat herritarrek egin dutela zerbitzu hori hobetzeko eskaera. "Elgetar asko dira familia Elorrion dutenak, edo seme-alabak eskolara edo kirol ekintzetara eramaten dituztenak, edo lanera joaten direnak... Gaur egun dauden zerbitzuetatik kanpo Elgeta-Elorrio egin nahi duen erabiltzaile batek bi aukera ditu: Elgeta-Eibar, Eibar-Durango, Durango-Elorrio; edo Elgeta-Bergara eta Bergara-Elorrio Oñatitik eta Arrasatetik pasata. Ulertzen dugu Foru Aldundi desberdinak direla baina Bizkaibus iristen da Eibarrera eta Pesako autobusak egiten du Bergara-Arrasate-Bilbo", esan du alkateak. "Akaso eskaripeko taxibus zerbitzua nahikoa izan daiteke. Ez dena normala da 40 kilometro egitea autobusean berez bost eta gutxi direnean".
Eskaripeko eskaerak erraztu
Eskaripeko zerbitzuekin ere bada kezka Elgetan, eta Elgetako alkatearen esanetan Leintz Gatzagakoak antzera gogoeta egin zuen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako batzordean. "Ulerkorrak izan behar dugu. Elgeta moduko herri batean ezin dugu ordu erdiro 55 pertsonarendako autobusa bueltaka eduki. Ez da ez eraginkorra ez ekologikoa. Ondo ikusten dugu eskaripeko zerbitzuak egotea baina sistema horrek izan behar du erabiltzeko erraza. Posible ez dena da telefono batera deitu eta erantzungailuak salto egitea edo komunikatzen ematea. Lurraldebusek aplikazio bat garatzeko proposamena egin genuen non erabiltzaileari klik batekin autobusa erreserbatzeko aukera izango lukeen".
Taxibus zerbitzuak lehenetsi
Eibarrekin dagoen taxibus zerbitzuak erabilera ona du, eta Bergarara dauden zerbitzuek ere erantzun ona dutela baloratzen du Iraitz Lazkano alkateak. "Efizientziarekin lotuta proposatu genuen erabiltzaile gutxi aurreikusten diren zerbitzuetan taxibusa lehenesteko ez duelako zertan autobus handi batek etorri", zehaztu du.