Martxoan beteko dira 22 urte herriko gazte talde bat eraikinean sartu eta gaztetxea antolatzeko ekimenean hasi zela. Ibilbide oparoa izan du urte askoan Elgetako gaztetxeak, baina azkenaldiko martxa bestelakoa izan da. "Herriko gazte batzuk gerturatu dira eta prest daude ekintza puntualetan lan egiteko, baina eraikinak mantenu lanak behar ditu eta kontu horri tira egiteko indarrik ez dago", adierazi dute gazte asanbladatik.
Abenduaren 15ean egin zuen gazte asanbladak gaztetxearen etorkizuna erabakitzeko batzarra. "Nahiko argi genuen itxiera saihesteko gazte asanblada berri batek hartu behar zuela lekukoa eta ez dago. Baina batzarrera etorritako pertsona batek planteatu zuen hurrengo belaunaldiek lekukoa hartu bitartean guraso talde bat prest egon zitekeela bideari eusteko. Gerora proposamen horrek ez du aurrera egin eta uste dugu egokiena gaztetxea ixtea dela", azaldu dute asanbladatik.
Eraikina egoera txarrean
Urte asko ditu gaztetxearen eraikinak eta erabilera faltaren ondorioz azkartu egin da zaharkitze prozesua. Mantenu lanak behar ditu eta luze jo gabe. "Itoginak ditu eraikinak eta argiteria instalazioa ere zaharra da. Sarri egiten du salto. Dagoenetan espazioak berak ere ez du ekintza puntualetarako ematen", azaldu dute gazteek.
Ixteko prozesuko erabakiak
Urteetan ekintza entzutetsuak izan dira Elgetako gaztetxean. Sagardo Eguna, Asentzio Eguna, Umeen Eguna, Gaztaina-erre, edo Garagardo Jaia ere gaztetxetik antolatutako ekintzak izan dira. Herriko gazteek, bestalde, espazio bat izan dute auto-kudeaketan eta auto-finantzazioan trebatzeko.
Urteetan pilatutako gauzekin zer egin erabaki behar dute orain gazte asanbladako kideek. "Ez da sekulako ondarea baina kontu korronte bat dago eta gaztetxean pilatzen joan den hainbat gauza. Pertsona asko pasa dira gaztetxetik urte hauetan guztietan eta zer esana eduki dezakete. Uste dugu egokia dela erabaki hori inplikatuta egon direnei ere zabaltzea".
Gazte asanbladakoek hainbat aukera dituzte buruan, tartean material hori gobernuz kanpoko erakunde bati ematea, interesatuen artean banatzea, Udalari uztea herriak erabil dezan... Baina gehiago egon daitezkeela ere uste dute. Hala, batzar irekia deitu dute otsailaren 16rako, 18:30ean, gaztetxean.