Elgetako Udalak Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearen aurkako errekurtso bateratua ipiniko du kaltetutako beste hainbat udalekin batera. Gaia atzo egindako udal osoko bilkurara eraman zuen udal gobernuak.
Iraitz Lazkano alkateak azaldu zuen planteamendua dela abokatu eta ingurumen arloko bulego batzuekin kontsulta egitea goi tentsioko lineak duen ingurumen baimenaren kontrako errekurtso bateratu bat jartzeko. Errekurtso bateratu batek indar gehiago izan dezakeela eta ekonomikoki hobeto ateratzen dela esan zuen alkateak. "Bi abokatu talde ezberdin proposatzen dituzte: ingurumen arloko lanak eta perituen txostenak egiteko Ambientalia 21, eta argudio juridikoak gauzatzeko Diez eta Maeztu abokatuen bulegoa. Dena den, beste batzuk proposa daitezke. 15.000 bat euro izango dira denon artean ordaintzeko", esan zuen.
Elgetako EH Bilduk proiektuaren aurkakotasuna berretsi du. Zentzugabekeriatzat jotzen dute arlo juridikotik, energetikotik zein ingurumen arlotik.
Gu Geu Elgetako ordezkariak ez daude proiektuaren aurka bai, ordea, trazatuaren kontra. Horregatik eskatzen zuten errekurtsoaren edukia zein izango den argitzeko. "Errekurtsoa proiektu osoaren aurkakoa izango da?", galdetu zuen Gu Geu Elgetako Eduardo Zubiaurrek. "Alegazioak idazten direnean plenotik pasatzea gustatuko litzaidake eta orduan eztabaidatu ados gauden edo ez", gaineratu zuen Mikel Larreak. Gu Geu Elgetako ordezkariek uste dute gastu bat gehiago dela eta zalantzak dituzte ekimenak gauzak daude moduan egonda zerbait aldatzeko balioko duen. Elgetako Udalak aurkeztuta dauzka hainbat alegazio Red Electrica de Españari, eta ez ziren onartuak izan.
Aukera berriak aztertzeko ahaleginean sakondu gura du, ordea, EH Bilduk. "Konpromisoa hartu genuen ahal genituen bide juridikoak aztertuko genituela proiektu hori gauza ez zedin edo jarritako terminoetan gauza ez zedin", esan zuen alkateak.