2017ko abenduaren 31 ezkero Diputazioaren Kabia erakundeak kudeatzen du Mizpirualde egoitza. Egoiliarren artean dira bost elgetar, hiru emakume eta bi gizon.
Kudeaketa Kabiaren esku geratzeak ez die egoiliarrei eragingo, Mizpirualdeko zuzendari Gregorio Iruretagoienaren arabera: "Ez dute ezer nabarituko, hori da behin eta berriz Kabiatik eta Udaletik esan digutena; prozesu honetan hori da inportanteena. Gaur egun jasotzen duten arreta bera edo hobea izango da. Funtzionamendu aldetik, erabaki inportanteenak Kabiak Donostian duen egoitzan hartuko dira".
Funtzionamenduan aldaketak izango dira, baina egoiliarrengan zein langileengan ez du ondorio aipagarririk izango: "Zerbitzuak mantendu egingo dira, eta, beraz, euren arretan eta egunerokotasunean ez dute aldaketarik sumatuko. Langileen baldintzek ere berdinak izaten jarraituko dute".