2017ko abenduaren 31 ezkero Diputazioaren Kabia erakundeak kudeatzen du Mizpirualde egoitza. Udalbatzak 2017ko urriaren 30eko osoko bilkuran aldaketa onartu ostean, hitzarmena sinatu zuten Elena Lete alkateak eta Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peñak. Kudeaketa Kabiaren esku geratzeak ez die egoiliarrei eragingo, Mizpirualdeko zuzendari Gregorio Iruretagoienaren arabera: "Ez dute ezer nabarituko, hori da behin eta berriz Kabiatik eta Udaletik esan digutena; prozesu honetan hori da inportanteena. Gaur egun jasotzen duten arreta bera edo hobea izango da. Funtzionamendu aldetik, erabaki inportanteenak Kabiak Donostian duen egoitzan hartuko dira".
Funtzionamenduan aldaketak izango dira, baina egoiliarrengan zein langileengan ez du ondorio aipagarririk izango: "Zerbitzuak mantendu egingo dira, eta, beraz, euren arretan eta egunerokotasunean ez dute aldaketarik sumatuko. Langileen baldintzek ere berdinak izaten jarraituko dute".
Zerbitzuen zerrenda luzea
Mizpirualdeko egoiliarrei arreta integrala eskaintzen zaie, askotariko zerbitzuekin. Bost zerbitzu multzo nagusi berezitzen dira: ostalaritza, zaintza pertsonala, osasun zerbitzua, zerbitzu psikosoziala eta zerbitzu erlijiosoa. Ostalaritza zerbitzuaren barruan daude ostatua bera –gelak, bainugelak, egoiliar guztiek erabiltzeko guneak–; mantenua –gosaria, bazkaria, askaria eta afaria–; arropa garbiketa; gelaren eta egoiliar guztiek erabiltzeko guneen garbiketa; egoiliarrak berak erabiltzen dituen elementu materialen mantenu eta konponketa lanak; telefono zerbitzua; objektuen zaintza eta kafetegia.
24 orduko laguntza eta arreta
Zaintza pertsonalaren arloan eskaintzen duten zerbitzuen zerrenda luzea da oso. Eguneroko oinarrizko jardueretarako 24 orduko laguntza eta arreta ematen dute: norberaren higienerako eta janzteko laguntza; esnatzeko eta oheratzeko laguntza; joan-etorrietarako eta lekualdaketetarako laguntza; inkontinentzia tratatzeko laguntza; botikak emateko laguntza; erabiltzaileen estetika zaintzeko laguntza; portaera gehiegikeriei aurre egiteko laguntza; lehen, bigarren zein hirugarren mailako prebentziozko osasun arreta; osasun arreta orokorra –tratamenduak, botika eta jarraipena–; nutrizio azterketen araberako dietak jartzea; mediku aholkularitza egoiliarrei zein familiei; askotariko erizaintza zerbitzuak; farmazia zerbitzua; eta podologia zerbitzua, besteak beste.
Zerbitzu psikosozialen barruan, egoiliarrei banakako diagnostiko integrala egiten zaie eta, besteak beste, egoitzara sartzerakoan bertara egokitzeko laguntza ematen zaie. Horrez gain, laguntza eskaintzen zaie alor guztietan, banaka zein taldeka. Adibidez, oroimena lantzea, terapia okupazionala, familia-arreta zein partaidetza soziala lantzea eta emanaldi kulturalez gozatzea. Bizitzaren azken uneetan egoiliarrak behar duen laguntza oro ematen dute, baita, Bergarako parrokiarekin koordinatuta, zerbitzu erlijiosoa ere.
Itxarote-zerrenda, "oso luzea"
Mizpirualdek Bergarako, Antzuolako eta Elgetako egoiliarrak artatzen ditu. Ia 100 langile ditu gaur egun egoitzak eta egoiliarrak 99 dira; horietatik 18 unitate psikogeriatrikoan daude. Kopuru horri erantzun diezaioke Mizpirualdek, ez gehiago: "Itxarote-zerrendaren kopuru zehatza ez dakit, eskaerak Udalak tramitatzen dituelako, baina badakit zerrenda oso luzea dela. Eta argi daukat joera hori mantendu egingo dela. Pena ematen dit duela urte batzuk onartu zen Mizpirualde handitzeko proiektua ez burutu izanak", adierazi du Iruretagoienak.
Zuzendariak gogotsu heldu dio etapa berriari: "1982an hasitako epealdia amaitu da. Bide berrian, beste parte hartzaile batzuk izango ditugu. Kabia jaio berria da eta laster hamasei egoitza kudeatuko ditu. Erronka interesgarria da".