Esan moduan, urtero egiten dute San Sebastian egunez. Meza entzun, ereserkia abestu, eta erlikiari musu bat eman ostean, batzarra egiten dute, akta jasotzeko. Ondoren, guztiak bazkaltzera joaten dira, urtero jatetxe ezberdin batera. Aurten, El Rincon De Lola jatetxean bazkaldu dute.
Errege Katolikoen garaian sortutako tradizioa da hau. Lehengo nobleen seme-alabek hartzen dute parte –nobleek jabetzak saldu bazituzten, jabe berriek ere badute bai–. "Hemen jabetza zutenei Errege Katolikoek baimena eman zieten armak edukitzeko, lapur eta gaizkileengatik defendatzeko. Hasiera batean hiru bailara ziren: Angiozar, Ubera eta Elgeta eta bakoitzean 20 noble zeuden. Angiozar Bergarara joan zenetik, euren kontura egiten dute eta Ubera eta Elgetakook jarraitu dugu egiten", azaldu du Irazabalek.
Legez, 40 izan beharko lirateke –20 Uberan eta 20 Elgetan–. Hala ere, Irazabalek azaldu duenez, "batzuk hil egin dira eta galtzen joan da". Hala, 24 noble gelditzen dira, 23 Elgetakoak eta Uberako bakarra.
Valentin Villa nobleetako bat da, eta 30 urte baino gehiago dira titulua hartu zuenetik. "Tradizio historiko bat da eta jarraitu egin behar dugu honekin. Gainera, aspaldian ikusi gabeko lagunekin egoteko aukera izaten dugu eta egun polita izaten da", adierazi du.
Eskolako haurrak, danborrarekin
Eskolako haurrek, euren jantziekin, danborrada eskaintzen dute urtero elizpean, meza aurretik. "Giro polita egoten da. Pena da, gaur zapatua da eta datorren urtean domeka izango da, eta ez dugu ikasleen danborradarik izango", nabarmendu du Irazabalek.