Zaldunen, erromesen eta nekazarien Elgetara bidaia gertatzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urt. 19a, 09:00

Erdi Aro hasierako Elgeta zelakoan zen irudikatzen duen irudia.

Hamar pertsonaia ditu Erdi Aroko Elgeta ezagutzera emateko herritar talde bat prestatzen ari den bisita gidatu bereziak. Artxibo historikotik ateratako datuak oinarri hartuta ari dira lanean, eta esan dute ekimena hasi dela forma hartzen.

Errementaria, iskribaua, nekazaria, jauntxoa, inkisidorea, erromesa, jostuna, kontseilu burua... hainbat pertsonaia izango ditu Elgetan otsailerako prestatzen ari diren bisita gidatu bereziak. "Sorreran San Roke kalea zen herriaren muina eta bi ate nagusi zituen: bata gaur egun agirreazaldegitarren etxea denaren alboan —iskribauaren etxea zen— eta bestea kalengua etxea zegoen parean. Oraindik ere gelditzen dira arrasto batzuk. Garaiko pare bat etxe ere bai San Roke kalean", azaldu du ekimena prestatzen diharduen Nerea Villak. "Arkuak irudikatu nahiko genituzke. Poliespanarekin egin gura ditugu, eta aurrekontuak eskatzen ari gara".

Erdi Aroko pertsonaiak ere baditu Elgetak. Ospetsuenen artean dira Jalotza etxeko Otxoa Donor de Olaegi jauntxoa eta Calahorrako inkisidore izandako Martin Saez de Ibarra. Horiek ere berpiztu gura dituzte antzerkirako. "Kontatu gura dugu nortzuk ziren, garai hartan jendea nola bizi zen, lurra nola lantzen zen, etxeak nolakoak ziren...".

Artxibo historikotik tiraka

Txema Barrutia eta Manolo Cainzos artxibo historikotik ateratzen ari diren datuetan oinarrituko dute bisita gidatuaren muina. Elgetaren historia jasoko duen liburu bat prestatzen ari dira Cainzos eta Barrutia, eta hainbat aurkikuntza egin dituzte. "Atera dute, esaterako, Donejakue bidea Elgetatik pasatzen zela eta gaur egun eskola dagoen inguruan erromesendako ospitale bat zegoela. Elgetako alondegiaren —udaletxearen menpe zeuden merkatuak— garrantzia ere azpimarratzekoa da. Gaur egungo Andra Mari plaza inguruan zegoen eta zerealak ez ezik edozein motatako oihalak ere aurki zitezkeen bertan. Erdi Aroan sartu zen kotoia, eta larrua eta lihoa ordezkatzera etorri zen. Elgetan jostun asko omen zeuden. Arropa ugari egiten zuten", dio Villak. "Nabarmentzeko da baita ere ez zegoela atzerritarrik: ez judurik, ez mairurik, ez ijitorik. Ez dute artxiboan arrastorik aurkitu. Aldiz, arropa garbitzeko harraskak. animaliendako askak... non zeuden jasota dago. Postigua edo atzeko atexkak zer ziren eta zertarako ziren ere azaldu nahi dugu".

Zortzi antzerki labur izango ditu bisita gidatu bereziak, eta auzolanean eta boluntarioekin egin gura dituzte. Jantziak eta atrezzoa ere prestatzen hasiak dira. Antzezle lanak egiteko taldea osatuz doa, baina bi gizonezko falta dituzte oraindik. "Hasierako asmoa zen herriko neska-mutikoei erakustea lehenengo Elgeta zelakoa zen, eta pentsatu genuen hitzaldi bat egin beharrean erakargarriagoa izango zela pertsonaia desberdinekin egindako antzeztutako bisita gidatu bat antolatzea. Horretan dihardugu. Gidoia prest daukagu, eta hamar bat pertsonaia daude. Bi boluntario falta ditugu: bata iskribauarena egiteko eta bestea kontseilu buruarena edo alkatearena egiteko. Gizonezkoak behar ditugu, eta ahal dela adin batetik aurrerakoak", azaldu du Villak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak