Ohartarazi dute frankismoaren biktimak isilduak izan direla beste behin

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urt. 17a, 17:34

Elgetako ordezkariak kereila Bergarako epaitegian aurkezteko egunean.

Gaur ziren Bergarako epaitegian deklaratzekoak Elgetako Udalak frankismoaren krimenen aurka aurkeztutako kereilako bost biktimaren ordezkariak. Epaile aldaketa bat, ordea, nahikoa izan da auzia artxibatzeko. "Dezepzio ikaragarria" izan dela esan du Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kide Josu Ibargutxik, baina itxaropentsu daudela ere bai epaileen artean iritzi ezberdinak daudela ikusi delako.

Hamalau kasu jasotzen ditu Elgetako Udalak Frankismoaren krimenen aurka Bergarako epaitegian urrian aurkeztutako kereilak. Ustekabekoa bezain pozgarria izan zen bi hilabetera jasotako albistea: epaileak tramitera onartu eta bost lekuko deitu zituen deklaratzera. Eguna eta ordua zuten: urtarrilaren 17an, 10:30etan hasita ordu erdiko tartearekin.  

Deklarazioak prestatzen hastekoak ziren beste epaile batek auzia artxibatzeko erabakia hartu zuela zabaldu zenean. Preskribatutako eta amnistiatutako gertaerak izatea argudiatzen zuen bigarren epaile horrek bere autoan. Deklaratzera deituak ziren lekukoek, ezinbestean, bertan behera utzi zuten urtarrilaren 11n Elgetako udaletxean egitekoa zuten batzarra. "Dezepzio ikaragarria izan da, batez ere, biktimendako", esan du Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako Josu Ibargutxik. "Ikusi dugu justiziak hemen nola funtzionatzen duen. Egiteko modua ere aipatzekoa da: 38 egunez egon den epaile bat kendu dute beste bat jartzeko. Ez dakigu bigarren epaile hori titularra den".

Helegitea ipinita

Elgetako Udaleko abokatuek berehala ipini zuten bigarren epailearen erabakiaren aurkako helegitea Lurralde Auzitegian. Laia abokatuak taldeko Aratz Estonbak azaldu du orain auzitegiak gaia aztertzeko data ipini behar duela eta deliberoa egin. "Oso litekeena da gaia artxibatuta mantentzea ebaztea. Horrela bada, Konstituzio Epaitegira joko dugu eta ezinbestean Europako Giza Eskubideen Epaitegira. Kereila berresteko eta gaia Espainiako estatuan ikertu eta epaitu behar dela eskatuko dugu".

Elgetako Udalaren kereilak bide judizialean egindako lehenengo urratsak, dena den, ez dira oharkabean pasa eta oihartzun mediatiko handia izan dute. "Bere neurrian irakurketa positiboa ere egin behar dugu. Sekula gertatu ez dena gertatu da epaitegietan, eta hori aurrera urrats bat da. Irakasgai nagusia da badirela zirrikituak frankismoak egindako krimenak epaitzeko eta justizia lortzeko. Epaileen artean ere iritzi ezberdinak daude", esan du Elgetako alkate Iraitz Lazkanok.

Josu Ibargutxik gaineratu du garrantzitsua dela auzia Estrasburgora iristen denerako kereilan dauden erakundeen kopurua ahalik eta handiena izatea. "Horrek pisua emango lioke gure eskaerari, eta jasanezina izango dute hemengo epaitegietan justiziarik ez egitea. Gaur gaurkoz dozena erdi bat udal izango dira kereila jarri dutenak nahiz eta jartzeko erabakia gehiagok hartu duten". Zentzu horretan, bigarren epailearen erabakia ezagutu bezain laster berretsi zuen publikoki Gipuzkoako Foru Aldundiak kereilatzeko erabakia.

Lanean jarraitzeko konpromisoa

Elgetako alkateak lanean jarraitzeko asmoa berretsi du. Astelehenean frankismoaren inpunitatearen kontrako herrien sareak antolatutako jardunaldi batzuetan izango da, Bartzelonan. "Elgeta berriki atxiki da sare horretara, eta jardunaldi horien helburua da herri ezberdinen esperientziak ezagutu, udaletatik frankismoaren zigorgabetasunaren kontra egin daitekeena aztertu eta arlo juridikoan aurrera urratsak nola eman ditzakegun hausnartzea".

Ibargutxik ere egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraituko dutela adierazi du. "Uste dugu badaudela epaile ausartak, jende gaztea, zezena adarretatik heltzeko prest daudenak. Bospasei epaile izan dira horrelako kereila baten aurrean eta batek ikerketa zabaltzeko erabakia hartu du. Esanguratsua da", baloratzen du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak