Intxorta elkarteko kideek abenduaren 16an egin zuten urteko batzar orokorra. Hainbat erabaki hartu zituzten, besteak beste lau bazkide erabiltzaile eta bi bazkide berri egitea. Gertaera oharkabean pasako zen bi bazkide horietako bat emakumezkoa izango ez balitz. "Jende asko gerturatu zaigu zorionak ematera. Zoriondu naute bere egunean sozio izateko aurkeztu ez ziren emakumeak ere. Akaso une haietan ez zen aldaketa hain erraz emango. Orain ikusi dute pentsatzeko modu haiek aldatu direla eta poztu dira ez aurkeztu arren azkenean aldaketa bat eman delako", esan du Nagore Ojangurenek.
Bozketan aldeko 30 boto, kontrako bost boto eta boto zuri bat jaso zituen. Hala, aitak Intxorta elkartean orain arte izandako ordezkaritza jasoko du. Hitza eta botoa izango ditu batzarrean. Giltzak ere hartu ditu.
Erabakia hartu eta gauzatu
Jose Antonio Ojangureni erabaki bat hartzeko unea etorri zitzaion 65 urtera iritsitakoan; bere ordezkaritza mantentzea edo ondorengo bati ematea. "Alabak ditut eta antzerako kasuak eman direnean alaben bikotekideei edo familiakoren bati eman zaio ordezkaritza. 35 bat urte daramatzat sozio hemen, eta nik dakidala ez da inoiz emakumerik aurkeztu", esan du. Hala eta guztiz ere bestela jokatzea erabaki zuen. "Ahal izanez gero alaba bat aurkeztea pentsatu nuen. Hirurei egin nien proposamena. Bi kanpoan bizi dira, eta ez zitzaien interesatzen. Nagorek eman zidan baiezkoa. Ondo atera da, eta pozik nago. Harro ere bai", adierazi du.
Zalantzak eta urduritasunak
"Zalantza ez zen aurkeztu edo ez. Zalantza zen ea zein eztabaida piztuko zen", azaltzen du alabak. "Azkenean, denen ahotan jartzen zara eta zalantzarik handiena zen ea Nagore Ojanguren moduan bozkatuko ninduten edo emakume izatea hartuko zuten kontuan. Lehen aukerak ez ninduen kezkatzen. Ikusteko zegoena zen bazkideak aldaketa baten alde ote zeuden".
Hautagaitza aurkezterakoan zabaldu zen Ojangurendarren erabakiaren berri. "Jende asko etorri zen animoak ematera. Gauzak aldatzeko ordua zela esaten ziguten. Bozketa egunera arte ordea, ezin jakin zer gertatuko zen. Aitarendako egun bereziki seinalatua izan zen. Azkenean, ni ez nintzen bertaratu. Berak eman zuen aurpegia".
Jose Antoniok gogoratzen du une oso berezia izan zela. "Azkenean, urduri zaude. Bozketa ez da eskua altxatuta, eta lagunek lasai egoteko esaten badizute ere amaitu arte ezin jakin erabakia zein den!... Pasa zen, jendeak erantzun zuen, eta kitto!", gogoratzen du.
Hurrengoendako bidea zabalik
Lau elkarte daude Elgetan: Ozkarbi, Intxorta, Mendi Mendian eta Gure Borda. Aurrerantzean, guztietan dute sarbidea emakumeek sozio moduan. "Herritar eta sozio askok zoriondu naute", dio aitak. "Nagore sartu delako baino emakume bat sartu delako elkarte honetan". Bilobaren urtebetetze ospakizuna egiteko erabiliko du alabak Intxorta elkartea lehenengo aldiz sozio titular moduan.
"Ausartak izan gara? Ez dakit hori den hitza. Azkenean, zergatik esan behar nuen ezetz? Norbaitek eman behar zuen pausoa, eta jasotako erantzuna ona izan da", esan du Nagore Ojangurenek. Jose Antonioren ustez emakumezkoak aurrerantzean samurrago sartuko dira Intxorta elkartean. "Badaude beste sozio batzuk nire kasuan. Orain urte batzuk beste mentalitate bat zegoen elkartean. Orduan, emakumeak sukaldean sartzea ere ez zegoen hain ondo ikusia. Aldatu egin da hori, zorionez. Jende gaztea dago eta beste ikuspuntu bat dauka. Horrela izan behar dela uste dut, gainera".
Intxorta elkartetik jakinarazi dute dagoeneko badutela beste eskaera baten berri hurrengo urtera begira. Beste bazkide baten alabak agertu du bazkide egiteko eskaera luzatzeko asmoa.