Baserri bideen erabilera zehazteko aldaketak egin dituzte Elgetako udal ordenantzan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urt. 10a, 11:43

Baso ustiaketa, egunotan, Elgeta inguruan.

Baso ustiaketarekin eragiten diren kalteei aurre egiteko neurriak hartu gura ditu Elgetako Udalak eta erantzukizunen zerrenda eguneratu dute 2007tik indarrean den udal ordenantzan. Udalbatzak aho batez onartu du moldaketa.

Elgetako Udalak aldaketak egin ditu udal titularitateko baso pisten edo bideen erabilera berezia arautzen duen ordenantzan. "Inbertsio garrantzitsuak egiten dira bide horiek egoera egokian mantentzeko eta beharrezkoa ikusi dugu neurri bereziak hartzea zenbait jarduerak eragiten dituzten kalteen aurrean", adierazi du baserritarren batzordeko buru Sebastian Arantzabalek. "Gaiak nahiko buruhauste ematen ditu baserritarren batzordean eta aurrekontuan ere dezenteko kopurua suposatzen du urtero inbertsioetan".

2007tik dago indarrean aipaturiko udal ordenantza eta bide horietan erabil daitezkeen ibilgailuen ezaugarriak, zama eta abiadura arautzen ditu, besteak beste. "Baserritarrek zein baso jabeek beti adierazi dute baso ustiaketa ematen denean erantzukizuna ez dela soilik basoaren jabearena baizik eta baita ere egurra erosten duenarena eta garraioa egiten duenarena", jakinarazi du Arantzabalek. Onartu diren moldaketak aspaldiko eskaera horri erantzuna ematera datozela esan du.

Aldaketa nagusiak

Elgetako udalbatzak aho batez onartu zuen ordenantzaren aldaketa abenduan egindako osoko bilkuran. Azken finean, zehaztasunak gehitu dituzte ordenantzaren hainbat puntutan. Esaterako, udal baimenak eskuratzeko jarraibideak zehaztu dira, eta jaso da garraiorako erabiliko diren ibilgailuen datuak hobeto zehaztu beharko direla. Horrekin batera jasota gelditzen dira ustiaketa jarduera egiteko ordaindu beharreko tasen zein fidantza ekonomikoen nondik norakoak.

"Aurrerantzean, derrigorrezkoa izango da baimen guztiak lanak hasi aurretik eskuratzea. Baita ere eskatutako tasa zein fidantza ekonomikoak ordurako ordainduta izatea", esan du Arantzabalek. Nabarmentzekoa da baita ere aipaturiko agiriak edozein unetan erakusteko moduan eduki beharko dituztela ustiatzaileek zein garraiolariek. Arantzabalek esan du azken urteetan nabarmen bizkortu dela Foru Aldundiarekin zein basozainarekin dagoen komunikazioa.

Fidantzaren itzulera

Kalteak baleude fidantza itzuliko da behin horiek konponduta, eta aurrerantzean bidearen egoeraren erantzule izango dira baimena eskatu duen pertsona zein bidearen erabilera egiten duenarena. Erantzule subsidiarioak izango dira, berriz, ustiaketaren jabea edo jabeak, egurraren eroslea eta garraiolaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak