70 bat urte pasa dira, baina Olatza baserriko seme Lucio Garaik (Elgeta, 1925) ondo gogoan du bonba etxera ekarri zuteneko eguna. "Urriak 12 zituen. 1948. urtea izango zen". Intxortako puntatik oso gertu ira mozten ari zela aurkitu zuen Modesto anaiak. "Erdi lurperatuta zegoen eta lehertu barik. Hala eta guztiz ere, etxera garraiatzea erabaki zuen eta laguntzeko esan zidan. Idi pareak tira egindako gurdiarekin eta lerarekin joan ginen", azaldu du.
Bonba, ordea, pieza oso pisutsua zen eta makina bat komeria izan zituzten etxeko ganbararaino eramateko. "Zabaldu egin genuen gero. Feliciano anaiak guk baino gehiago zekien lehergailuen inguruan eta kostata bada ere haren laguntzarekin lortu genuen. Poltsa bat bolbora beltza eta hamalau bat kilo trilita zituen barruan", azaldu du.
Ordutik, familiaren zaintzapean izan da italiar jatorria duen bonba. Orain, ordea, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio zentroari dohaintzan ematea erabaki dute. "Gure etxean baino jende gehiagok ikusiko du museoan. Intxortako puntara bota zuten Frankistek eta hemen egon behar du", esan dute Olatzakoek.
Lekukotasun garrantzitsua
Bonbarekin batera gerra garaiko informazio ugari eman du Lucio Garaik. Hamaika urte zituen 1936an, eta frontea Olatza baserritik oso metro gutxira kokatu zen. Azaldu du milizianoek zazpi hilabetez hartu zutela baserria babesleku modura, eta frontea jausi ostean amak bertan gelditzea erabaki zuela gerrara joandako semeak noiz itzuliko zain. Semeetako batek emandako errebolberra poltsikoan zuela ibili omen zen asteetan. Zorionez, guztiak izan zituen bueltan. Gerra ondorena ere oso gogorra izan zen. Garaileek uztaren erdia kentzen zieten urtero, eta behin bi behi ere bai. Uztaren zati handiena ezkutatzeko etxeko horma bat hustu omen zuten gordelekua egiteko.
Gordailu lana
Olatza etxekoek dohaintzan emandako pieza ikusgai dago interpretazio zentroan. "Funtzio bat eman diote jaurtigaiari", azaldu du Intxorta 1937 kultur elkarteko Jon Etxezarragak. "Herritarrek eta bisitariek bertatik bertara ikusiko dute hemen zer nolako materiala erabili zen".
Urte hauetan guztietan material ugari pilatu dute Elgetan. Pieza berriaren inguruan adierazi dute bere kalibrea 260 milimetro dela eta lehergaiarekin 222 kilo pisatuko zituela. "Berezia da osorik dagoelako; izan ere, ez zuen eztandarik egin eta Elgetako borroketan erabili izan ziren artilleria piezen artean handienetakoa da". Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek diote oso litekeena dela etxeko ganbaretan gerra garaiko material gehiago egotea.
Lucio Garaik emandako lekukotasunari ere garrantzi handia ematen diote. "Fronteko lehen lerroan egonda oso gutxi genekien Olatza baserriaren gainean", esan du Nerea Villak. "Lucio Garaik gauza asko kontatu ditu. Egia esan, herri honetan ez da asko kontatu gerra ostea zelakoa izan zen. Karlistak gelditu ziren herriko buru eta gainerako guztiak isildu zituzten".