Inprimatutako argitalpen eta multimediakoen diseinua eta edizio ikasketak amaitu zituen, iaz, Donostiako Ceinpro zentroan, eta ikasketak Pausoka ekoiztetxean egindako lan jardunarekin batera uztartu zituen. Plan duala deritzona egin zuen Eneritz Larreak.
Ikastetxeko espediente onena
Ikastetxeko espediente akademiko onena izan da horregatik jaso du saria. "Hori da saritzen dena, hain zuzen ere: ikasketak lan munduarekin bateratzeak suposatzen duen sakrifizioa eta ikasketa espedienterik onena lortu izana. Diploma eta oparitxo batzuk jaso nituen", adierazi du Larreak. "Ilusioa egin zidan Kutxa Fundazioko deia jaso eta espedientea saritu zidatela esan zidatenean. Urte gogorra izan zen eta egindako lan guztia baloratua izan dela jakitzeak poztasuna ematen du. Ez dakit lan merkatuan aurrera egiteko abantailarik emango didan, azkenean diseinu arloan ateratako notak baino gehiago portfolioa da gehienbat erreparatzen dena. Hala ere, diploma honekin sakrifizioa eta konpromisoa islatzen direla pentsatzen dut, eta balore horiek ere lan munduan garrantzitsuak dira".
Kibor enpresan dihardu orain lanean Larreak. "Bertan kirol arropa pertsonalizatuak egiten dira eta oso gustura nago. Asko disfrutatzen dut diseinatzen eta dudarik gabe diseinu arloan lan egitea gustatuko litzaidake".
120 sari banatu ditu Kutxak 2016-2017 ikasturtean Gipuzkoako unibertsitate zentroetan zein lanbide heziketako zentroetan espediente akademikorik onenak lortu dituzten ikasleen artean. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Kutxako presidente Manuel Beraza, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte.