Gabonetako harri-jasotze kopako finalerdietan sartzea du helburu Imanol Albizuk

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko aza. 30a, 09:00

Imanol Albizu 'Goikoetxe' Elgetako Mendizaleen Plazan.

Zazpi urtean ez du harririk jaso, baina aspalditik datorkio zaletasuna. Orain urtebete ekin zion berriro ere prestatzeari eta abuztuan Mallabiko txapelketan bigarren eginda gogotsu dabil Elgetan bizi den elgoibartarra. Urrezko aizkolari koparekin batera zapatuan jokatuko da Elgetako frontoian Gabonetako harri-jasotze kopako kanporaketa.

Ugaitz Mugertzak eta Ruben Saralegik jokatuko dute Urrezko aizkolari kopa, eta Xabier Peñagarikanok eta Imanol Albizu Goikoetxe-k, berriz, Gabonetako harri-jasotze kopa. Elgoibartarra pertsona estimatua da Elgetan. Orain zazpi urte zabaldu zuen harategia herrian, eta gaur egun Bergaran ere badauka negozioa.

Lanak denbora asko kentzen badio ere gustuko izan du beti harri-jasotze lanetan ibiltzea eta etenaldi luze baten ostean bueltan da. Gabonetako harri-jasotze kopako bigarren kanporaketa jokatuko du Albizuk, zapatuan, Elgetan. Eskura du finalerdietarako txartela eta ez du ihes egiten utzi nahi. Ez da erraza izango, eta badaki dena eman beharko duela. "Ondo ikusten dut nire burua, baina gainerakoek ere jaso egiten dute, eta ikusi egin behar zer gertatzen den", dio elgoibartarrak. "Ea nerbioetatik zelan ibiltzen naizen hori izaten baita nire arazoetako bat".

Urtebete prestatzen

Orain urtebete hasi zen, berriz ere, prestaketa lanetan. Abuztuan jokatzekoa zen Mallabiko txapelketa jarri zuen jomuga. Luze egin zaio urtea. "Gogoan ditut hasierako entrenamenduak. Bi jasoaldi egin eta hirugarrena egiteko gauza ez zarela ikustea oso gogorra da". Baina gauzak ondo joan zitzaizkion Mallabian eta bigarren egin zuen Mikel Lopetegi Urra-ren atzetik.

Zapatuko saioan aurrez aurre izango duen Xabier Peñagarikanoren inguruan esan du Aizarnazabalgo gaztea lan politak egiten ari dela. "Mallabian hirugarren egin zuen eta bi minutuko lanak direla kontuan hartuta ez dago tarte handirik. Bi minutu segidan pasatzen dira eta dena egin behar duzu ondo. Gauza justu xamar egongo da".

Zapatuan bi minutuko hiru txanda egin beharko dituzte harri-jasotzaileek: jaialdia hasi eta berehala zilindroarekin eta kubikoarekin, eta aizkolariek lana amaitutakoan bolarekin. "Gehien bola gustatzen zait. Zilindroarekin ere nahiko gustura ibiltzen naiz. Nire kontrarioa kubikoa da".

Harmailetatik zelan lagundu galdetuta irribarretxoa egin, begirada jaitsi eta "zarata atera" dio apur bat lotsatuta. Jaialdia Elgetan egitearekin gustura azaldu da Albizu. "Sorpresa oso atsegina izan zen. Ea afizio pixka bat sartzen den", esan du. Motibaziorako ere garrantzitsua dela uste du.

Hemezortzi bat urterekin hasiera

Elgoibarko Mintxetarekin hasi zen Albizu herri kiroletan. "Lau bat urtean ibili nintzen harekin. Kuadrillan ibiltzen ginen batzuk trontzan, besteak lastoa jasotzen... Eta ni harri-jasotzen ipini ninduen. 23 bat urte nituela zendu zen Mintxeta, eta nik laga egin nuen harategi munduarekin lanpetuta nenbilelako. Orain urtebete ekin nion berriro. Inhar laguna eta Zelai prestatzailea beti neuzkan tentatzen eta azkenean baietz esan behar!”, azaldu du.

Lehenengo kanporaketan 'eroso'

Azaroaren 12an jokatu zuen Albizuk Gabonetako harri-jasotze kopako lehenengo kanporaketa, Azkoitian. Mateo Coloma gelditu zen txapelketatik kanpora. "Saio hura ondo joan zen. Eroso eta gustura ibili nintzen", azaldu du Elgoibarkoak.

Elgetako saioa 19:30ean hasiko da, eta prezioa da 15 euro. Leihatilan bakarrik salduko dituzte sarrerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak