Elgetako udalbatzak azaroko ohiko osoko bilkura egin zuen atzo. Hartutako erabakien artean nabarmentzen da Egia, justizia eta erreparazioa orain! izeneko adierazpenaren aho bateko onarpena. Iraitz Lazkano alkateak azaldu zuen adierazpen horrekin Elgetako Udala egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dituen udalerrien sare batean sartzen dela. "Asmoa da adierazpen hori aldarrikapen bihurtzea eta kolaborazio bat bilatzea kereiletan eta abar gabiltzan udalerrien artean".
Osoko bilkurako puntu korapilatsuenak izan ziren indarkeria matxistaren aurkako adierazpen instituzional bat eta Kataluniaren aldeko beste bat. EH Bildu talde politikoak gai horiekin lotutako mozio bana aurkeztu zuen, eta Gu Geu Elgeta taldeak bi kontra-mozio.
Lau mozioak onartu zituen udalbatzak, baina eztabaida sortu eta gero. EH Bilduren mozioek EH Bilduren bost ordezkarien babesa jaso zuten, eta Gu Geu Elgeta taldearen kontra-mozioak aho batez onartu ziren.
Indarkeria matxistarekin lotutako mozioak
Indarkeria matxistaren aurkako mozioarekin lotuta Gu Geu Elgeta taldeko Eduardo Zubiaurrek esan zuen oposizioa ez datorrela bat EH Bilduk aurkeztutako testuarekin. "Guri testu hori ez zaigu batere gustatzen, ez gara eroso sentitzen. Edukietan eta proposamenetan hainbat gauza esaten ditu guk asko ulertzen ez ditugunak. Esaterako, indarkeria sortzen duten agente eta egiturak aipatzen dira, borrokak aipatzen dira, bakea eta normalizazio ere hainbat aldiz aipatzen dira... Emakumeen Mundu Martxa ere aipatzen da eta ez dakigu horrek zein eduki, zein proposamen edo zein interes defendatzen dituen... Behatoki bat sortzeko proposamena egiten da jadanik Emakunde bezalako behatoki bat badagoenean... Hainbat erakunderi hainbat eskari egiten zaizkie jadanik horrelako politiketan lanean ari direnean....", esan zuen.
Gu Geu Elgeta taldeko ordezkariek beste adierazpen proposamen bat aurkeztu zuten. "Hau, esaterako, hainbat erakundetan onartutakoa da eta hainbat alderdiren artean, tartean EH Bildu. Iruditzen zaigu askoz ere adostuagoa, zabalagoa eta neutralagoa dela. Ziurrenez zati batean antzeko gauzak esango ditu, baina zuen testuak dauzkan hainbeste gauzarekin gu ez gatoz bat".
Iraitz Lazkano alkateak erantzun zuen Elgetako udalbatza ez dela EAEko parlamentua. "Ez dut uste hona ekarri beharreko mozio guztiak parlamentutik pasa eta alderdi guztien artean adostu beharrekoak direnik". Gaineratu zuen oposizioak aurkeztutako testua hanka motz geratzen dela. "Ez du hitz egiten indarkeria matxista sortzen duen gizarte egituraz, ez du hitz egiten borroka feministari buruz, feminismoa bera ere ez du aipatzen azken paragrafora arte eta konpromisorik apenas hartzen duen”.
Janire Lazkanok gaineratu zuen: "Ez digu lotsa ematen Emakumeen Mundu Martxa edo kolektibo feministak aipatzeak. Harro sentitzen gara. Euskal Herrian eta mundu mailan kristoren lana egiten ari dira". Aitortza eta errekonozimendu guztia merezi dutela adierazi zuen.
Kataluniaren aldeko mozioak
Eztabaidatuak izan ziren baita ere Kataluniaren aldeko mozioak. EH Bildu talde politikoko ordezkariek testu bat aurkeztu zuten eta Gu Geu Elgetako ordezkariek beste bat. "Legebiltzarrean hainbat alderdiren babesarekin edo abstentzioarekin aurrera egindako testua da. Gu erosoago sentitzen gara testu horrekin", esan zuen Eduardo Zubiaurrek.
Iraitz Lazkano alkateak bi testuen artean zein diferentzia dagoen galdetu zuen. "Testuak irakurrita batean eta bestean berdina esaten da!", esan zuen. Zubiaurrek erantzun zion beste gauza batzuen artean Kataluniak ez duela errepublika aldarrikatu. "Adierazpen bat egin zuen baina errepublikaren aldarrikapenik ez. Hori lehenengoa. Eta irizten bazaizu berdinak direla gurea adostu eta listo!".
Euskararen Egunari erreferentzia
Galdera erreguen txandan Janire Lazkanok hartu zuen hitza abenduaren 3an ospatzekoa den Euskararen Egunari erreferentzia egiteko. "Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai eta 365 egunez lan gai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko”, esan zuen.
Azaldu zuen Elgetako Udalak hainbat egitasmo dituela martxan euskara bultzatzeko, eta horietan parte hartzera animatu zituen herritarrak. Horrekin batera, Euskararen Egunerako antolatuta dauden ekintzetan parte hartzeko deia egin zuen.
Gai zerrendan egonda ere udal ordezkariek adostu zuten hurrengo batzarrerako uztea kontaktu datuak lagatzeari buruzko Elgetako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmenaren gaia. Hainbat zalantza sortu dira eta horiek argitzeko denbora hartzea erabaki dute.