Soziolinguistika Klusterrak UEMArendako egindako neurketaren arabera euskararen kaleko erabilera maila, Elgetan, %61,8 da. Maiatzean egin zuten neurketa eta euskararen ezagutza %84,3 da.
Domekan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da eta 11:45ean euskararen mahaia zabalduko du Udalak, plazan. "Askotariko informazioa jarriko dugu herritarren eskura: liburu-markagailuak Elgetan Berbetan mintzalagun taldeen inguruko informazioarekin, euskara ikasteko Elgetan dauden baliabideekin egin dugun gida bat, euskara ikasteko liburutegian daude liburuak, hiztegiak eta euskarriak...", adierazi du euskara zinegotzi Janire Lazkanok.
Ekintza ludikoak 12:00etan hasiko dira. Ordu horretan, bertso eta kantu saioa egingo dute eskolako neska-mutikoek. Jarraian, 12:30ean, klown ikuskizuna egingo du herritar batek udaletxean, eta 13:00etan kalejira egingo dute elgetarrek herrian. Seigarren mailako ikasleek, azkenik, salda eta txorizoa banatuko dute, 13:15ean.
Herri Eskolan, barikuan
Herri Eskolako ikasleek eta irakasleek barikuan, abenduak 1, egingo dituzte Euskararen Eguneko ekintza bereziak. Musika izango da nagusi eskolako sarrera eta irteera orduetan, eta 11:00etan seigarren mailako ikasleek bideratutako jolasak egingo dituzte ikastetxean.
Jolasak amaitutakoan ikasle guztiak eskolako sarreran elkartuko dira ekitaldi berezia egiteko, 11:30ean. Gela bakoitzak ekitaldirako gertatu duen leloa aurkeztuko du gainerako ikasleen aurrean, eta horma-irudia osatu dute lelo guztiekin.
Kantuan ere egingo dute eskola-umeek. Lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleek Ahoa bizi belarriak prest abestia eskainiko dute, eta laugarren, bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek bertsoak kantatuko dituzte. Egunari amaiera emateko, 14:30etik 16:00etara, karaokea egingo dute eskolako liburutegian.