Indarkeria matxista salatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte, aurten ere, udal gizarte-ongizate sailetik. Zapaturako, hilak 25, elkarretaratzea dago deituta. 13:00etan egingo dute herriko plazan. Aurretik lore moreak egiteko tailerra ere antolatu dute.
Argazki erakusketa zabalik
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna dela-eta ekintza gehiago ere antolatu dituzte. Aste bukaeran zabaldu zituen ateak hainbat herritarri ateratako argazkiekin osatutako erakusketa bereziak. Emakume zein gizon, adineko zein haur indarkeria matxistaren aurka adierazten dira argazki horietan 23 herritar. Alicia Gartziak egin ditu argazkiak eta erakusketan Ez, Ez ezetz da edo Guretzat ere ez ezetz da moduko esaldiak irakur daitezke.
Bide batez, eraso bat gertatzen denean zer egin azaltzen dute erakusketa horretan. Lehenengo pausoa da emakume erasotuarengana hurbiltzea ea ondo dagoen eta ea laguntzarik behar ote duen galdetzeko. "Esan erasotzaileari ez duzula onartzen emakumeak erasotzea, ez zaizula ez dibertigarria ez normala iruditzen", adierazten da. Azkenik, biktimari laguntza bilatzen lagundu behar zaio eta hainbat bide adierazten dira:
. Foru Aldundiko Larrialdi zerbitzua: 943 22 44 11 (07:00-21:00)
. Aholkularitza zerbitzua: 900 84 01 11 (24 orduko zerbitzua)
. Zerbitzu juridikoa: 900 10 09 28
. SOS deiak: 112
Horma-irudiak eta ikus-entzunezkoa
Udal gizarte-ongizate sailetik horma-irudia eta informazio panelak ere prestatzen ari dira. Hilaren 24tik aurrera egongo dira ikusgai herriko hainbat lekutan. Bihar, berriz, Volar izeneko ikus-entzunezkoa emango dute udaletxeko areto nagusian.
Ikus-entzunezkoa Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuak aurkeztu du eta Bertha Gaztelumendik zuzendutako lana da. Bertan, indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen dira. "Ekimena emakumeek beraiek beraien testigantzak publiko egiteko sentitutako beharretik sortu da, eta genero indarkeriaren aurkako lan ausarta eta konprometitua da", adierazi dute Emakunde-Emakumearen Euskal Institututik.
Herri Eskolan ere lanketa
Elgetako Herri Eskolan ere landuko dute indarkeriaren gaia. Tratu onen horma-irudia egingo dute azaroaren 23an. Hala, ikasleek argazki bana eramango dute eskolara denen artean horma-irudi handia egiteko. Egun horretan, gainera, kolore morez janzteko eskatu dute zuzendaritzatik.