Zapore bikaineko domeka Elgetan

Maite Txintxurreta 2017ko aza. 5a, 17:16

Elgetako pintxo lehiaketa gaur abiatu dute, azaroko lehendabiziko domekan. Herriko lau tabernak dihardute aurtengo edizioan parte hartzen; hauek dira: Haizea, Bolatoki, El Rincón de Lola eta Maialde. Trikiti doinuek lagunduta dastatu dituzte herritarrek horietan prestatutako pintxoak.

Kalean fresko eta euria egin arren, hainbat eta hainbat elgetar animatu dira gaur goiz eta eguerdi partean etxetik atera eta Pintxo Domekak ekimeneko lehenengo egunera. Aurten bi egun izango ditu pintxo lehiaketak, eta horietako bakoitzean taberna parte hartzaile bakoitzak pintxo bat aurkeztuko du, eta datorren astean jakinaraziko du epaimahaiak aurkeztutako zortzi pintxoon artean (egun bakoitzeko bana aurkeztuko du taberna bakoitzak) zein jotzen duten irabazletzat. Horren osteko asteburuan, berriz, puntuazio onena lortutako bere pintxoa eskainiko du, eta herritarrak izango dira epaile egun horretan.

Bada, lehen eguna gaur izan da, eta elgetarrek euro baten truke sukaldeko maisulanak dastatzeko aukera izan dute. Hurrenez hurren, honakoak izan dira taberna bakoitzak aurkeztutako pintxoen izenak: Negu hotza (Haizea taberna), Udazken zaporedun bola (Bolatoki), Txerri solomilloa aza eta piperradarekin (Maialde) eta Lola pil-pil (El rincón de Lola).

Gainera, ekimena musikaz girotuta egon da gaur; izan ere, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak tabernaz taberna ibili dira eguerdia girotzen. Hala, jende dezente animatu dela nabarmendu dute herriko tabernariek.

Datorren domekan, hilaren 12an, Pintxo Domekak ekimenaren bigarren eguna izango da, eta, horrekin batera, Onditz Mendizabalen sorkuntza tailerra, eta bertsolariak iragarri dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak