Elgetako pintxo lehiaketa bi egunetan jokatuko da aurten, eta hurrengo hiru domekak hartuko ditu

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko aza. 2a, 14:11

Iaz, El Rincon de Lola tabernako 'Natura' pintxoak irabazi zuen lehiaketa.

Lau tabernak iragarri dute parte-hartzea eta domeka izango da lehen lehiaketa eguna. Pintxo bana gertatuko dute epaimahai ofizialak balora dezan. Herritarrek euro batean izango dituzte dastagarri. Hurrengo domekan beste lau pintxo aurkeztuko dituzte parte-hartzaileek.

Azaroarekin batera badatoz Pintxo Domekak. Aste bukaera honetan emango zaie hasiera eta Haizeak, Bolatoki tabernak, Maialde landetxeak eta El Rincon de Lolak hartuko dute parte.

Berrikuntzekin dator lehiaketa. "Galdetegi bat banatu genuen tabernarien artean eta hainbat proposamen egin dituzte. Batzarra egitea erabaki genuen eta proposamen horietako batzuk jasoko ditugu aurtengo lehiaketan", azaldu du Janire Lazkano zinegotziak.

Hala, lehiaketak bi egun izango ditu aurten. Domeka honetan pintxo bana aurkeztuko dute tabernariek eta hurrengo domekan beste bat. Hala, zortzi pintxo izango dira guztira baina epaimahaiak bi egun desberdinetan egingo ditu balorazioak eta txapela bigarrenean emango dute. Hau da, hilaren 12an.

Hirugarren eta azken domekan taberna bakoitzak puntuazio onena lortutako bere pintxoa eskainiko du, eta herritarrak izango dira epaile; izan ere, botoa emateko aukera izango dute egun horretan. Pintxoak, orain arte moduan, prezio batean eskainiko dituzte parte-hartzaileek eta hori hiru domeketan.

Lehen domekarako trikitilariak

Pintxo Domekak ez dira pintxo lehiaketara mugatzen eta aurten ere Elgetako kaleak alaitzeko hainbat proposamen daude iragarrita. Domeka honetarako Jainaga eta Narbaiza trikitilariak daude aurreikusita. 12:30etik aurrera kalez kale eta tabernaz taberna ibiliko dira, Elgetan.

Hilaren 12rako Onditz Mendizabalen sorkuntza tailerra, eta bertsolariak iragarri ditu Udalak. Mendizabalek herriko plazan egingo du neska-mutikoendako tailerra 12:00etan, eta bertsolariak 13:00etan hasiko dira lanean. Manex Agirre eta Xabi Igoa izango dira herrian. Sari banaketa ere egun horretan izango da. Antolatzaileak 14:00etan abiatuko dira udaletxetik irabazle suertatutako tabernara txapela eramatera.

Hirugarren eta azken Pintxo Domekarako argazki lehiaketa eta Elgeta Kantuan ekimena daude iragarrita. Argazki lehiaketa 12:00etan abiatuko da plazatik eta kantuzaleek 13:00etan hasiko dute ibilbidea plazatik.

Sariak eta parte-hartzeko aukerak

Aurten ere tabernari bakoitzak pintxoen osagaiak asmatzeko lehiaketa egingo du. Asmatzaileen artean bina botila zozketatuko dituzte: ardo onduarena bata eta txakolinarena bestea. Horretaz gain, Udalak 30 euroko hiru erosketa bonu zozketatutako ditu. Bata publikoaren saria erabakitzeko botoa idatziz ematen dutenen artean, bestea botoa emateko Hirix plataforma berria erabiltzen dutenen artean, eta hirugarrena botoa emateko selfie erretratua bidaltzen dutenen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak