Hezkuntza eta kirol zerbitzuak salbu, udal zergek eta tasek %1,5eko igoera orokorra izango dute 2018an. Martitzenean egindako ez ohiko osoko bilkuran hartu zuen erabakia udalbatzak EH Bildu talde politikoaren aldeko botoekin eta Gu Geu Elgeta taldeko ordezkarien abstentzioarekin.
Xehetasunetan sartuta alkateak hainbat egin zituen:
- Etxebizitza hutsei aplikatzen zaien %100eko errekarguaren kasuan salbuespen bat gehituko da. "Hutsik dagoen etxe bat salduz gero errekargua saldu den hilabetera arte bakarrik aplikatuko da, modu proportzionalean. Hortik aurrerako hilabeteen kasuan ulertuko da erosi duenak bizitzeko erosi duela, eta horrela ez balitza hurrengo urteko errekargua kobratuko zaio".
- Hilerrian lurperatzeko tasa dagoen moduan lurpetik ateratzeko tasa ere egongo da aurrerantzean. Bi tasek kopuru berdina dute: 358,80 euro. "Printzipioz ez daukagu espazio falta handirik hilerrian, baina inork nahiko balu familiakoren bat lurpetik atera tasa hori ordaindu beharko du", esan zuen alkateak. Egiteko dagoen kolunbariorako tasa ere ezarrita gelditzen da. Hamar urteko erabilera 100 euro ordainduko dira.
- Ezarrita gelditzen dira baita ere errekreazioa egiteko pilatutako materialaren alokatze tasak. "Hainbat material daukagu eta aurten zazpi bat aldiz laga dugu helburu ezberdinekin erabiltzeko. Antzerkietarako, grabazioetarako… Prezio bat ezartzea planteatzen dugu. Uhaleria eguneko 5 euro, kaskoak eguneko 10 euro, jantziak osorik eguneko 10 euro, eta fusilak eguneko 20 euro. "Memoria historikoa bultzatzen diharduen taldeei %50eko hobari bat aplikatuko zaie", esan zuen alkateak. Hala, zine produktorei eta antzerakoei ez zaie hobaririk aplikatuko.
- Fotokopiak. "Ez da udaletxeak eman behar duen zerbitzu bat, baina azkenean fotokopia dezente egiten dira eta prezioak jarri ditugu. Fotokopia zuri beltzean 15 zentimo, koloretan euro bat eta fax bat bidaltzea 2 euro. Salbuetsita daude Elgetako elkarteak. Horiek orain arte moduan funtzionatzen jarraituko dute", jakinarazi zuen Lazkanok.
- Hirigintzarekin lotuta metro koadro berde bakoitzeko 75 euroko tasa ezarriko da aurrerantzean. "Adibidez, lokalak etxe bihurtzeko ordenantza aplikatu ahal izateko beharrezkoa zen tasa hori sortzea", azaldu du alkateak. Gehitu zuen partikular batek hirigintza arloko espediente bat eskatzen badu —zatikako plan bat, xehetasun azterlan bat, urbanizazio proiektu bat...— 1500 euroko tasa aplikatuko dela, eta bestelako txosten motaren bat eskatzen badu 800 eurokoa.
- Txakur arriskutsua edukitzeagatik lizentzia tramitatzea 30 euro izango da, eta 10 euro txartela berriz egin behar bada, esaterako, galdu izanagatik.
- Hezkuntzan ludotekako urteko bonoa da 280 euro, hilabeteko kuota 40 euro eta bost eguneko bonoa 20 euro. Zaintzaren kasuan kopuru horiek hurrenez hurren dira 600, 90, eta 50 euro. Gazteleku zerbitzuaren kasuan, berriz, 180 euro, 25 euro eta 10 euro. "Urteko bonoarekin %20-25 merkeago ateratzen da lehen geneuzkan prezioekin alderatuta", azaldu zuen alkateak.
Oposizioaren abstentzioarekin
"Gure iritzia ez da aldatu azken bi urteetan. Duela bi urte eta iaz ere berdina aipatzen genuen. Orokorrean ados gaude, baina etxebizitza hutsei ezartzen zaien %100eko errekargu horrekin ez. Iruditzen zaigu neurri zigortzailea dela, eta ez litzatekeela aplikatu beharko gehienbat ikusita ez daukagula datu zehatzik errekargu horren aplikazioak dituen ondorioen inguruan", adierazi zuen Gu Geu Elgeta talde politikoko bozeramaile Mikel Larreak. "Uste dut Gipuzkoan hamar herrik bakarrik dutela %100eko errekargu hori. Ez diogu mantentzeari zentzu handirik ikusten. Bestelako tasei dagokienean sinistu nahi dugu batzordeak aztertu dituela; izan ere, informazio zehatzagoa falta zaigu jakiteko zerbitzu batzuek defizita duten ala ez. Batez ere zerbitzu garrantzitsuetan: kirol zerbitzuak, gaztelekua, ludoteka... Faltan botatzen dugu azterketa ekonomiko hori".
Iraitz Lazkano alkateak erantzun zien aurtengo datuak aztertzeko daudela oraindik izen-emateak sasoi honetan egiten direlako, baina iazkoak jaso zituztela. EH Bildu udal taldearen iritziz: "Ohikoa den bezala, inolako proposamenik egin gabe abstenitu zen Gu Geu".