Martitzenetik aurrera erabilgarri izango da Bibliotxiki gune berria

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urr. 20a, 11:00

Janire Lazkano kultura zinegotzia eta Geaxi Ezpeleta liburuzaina Bibliotxikin.

Liburutegiaren Nazioarteko Eguna dela-eta hainbat ekintza iragarri dituzte udal liburutegi zerbitzutik. Gaur neska-mutikoendako ipuin saio berezia izango da, eta martitzenean kale ikuskizuna Bibliotxiki gune berriaren irekierarekin batera.

Orain arte KZgunea izan den gelak Bibliotxiki izeneko zerbitzua hartuko du aurrerantzean, eta KZgunea musika gelaren parera eramango dute. "Liburutegi gehienetan dago gune berezitu bat haurrendako. Gaur dugun lekua ez da txarra, baina Bibliotxikin umeek lurrean jarrita egoteko aukera izango dute, ipuinak eskurago izango dituzte eta gurasoekin batera egoteko eremu lasaiago bat izango dute erabilgarri", azaldu du liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak.

Zerbitzua martitzenetik aurrera izango da erabilgarri eta arduradunak argitu du liburutegiko parte izanik ordutegi eta arau berdinak izango dituela. "0-6 urteko umeendako txokoa da eta haurrek lagunduta egon beharko dute. Isilik egon behar da, ezin da jan eta liburuak zaindu egin behar dira. Jende gehiegi pilatuko balitz hogei minutuko txandak egingo genituzke".
Espazioa margotu eta atondu berria dute, eta oinetako barik egoteko moduan prestatu dute. "Liburutegian 0-4 urte bitarteko umeendako ditugun ipuinak eramango ditugu bertara, baita bost urtetik aurrerakoendako albumak ere. Liburu berriak ere erosi ditugu eta bertan ipiniko ditugu eskuragarri".

Ipuin saioak eta ikuskizunak

Martitzena Liburutegien Nazioarteko Eguna dela-eta gaur, barikua Ipuinen Ordu berezia egingo dute. Egitasmoa 2014an abiarazi zuen boluntario talde batek, eta 50. saioa izango da gaurkoa. Dozena bat lagunek kontatzen dituzte ipuinak txandaka eta gaurko saioa bakarra izango da, 17:25etik 18:00etara.  Sorpresak egongo direla adierazi du Ezpeletak.

Literatura ginkana ere martxan da, berriz. Martitzenera bitartean hiru froga puntuagarri kaleratuko ditu Ezpeletak, eta parte-hartzaileek Ana Mari liburu dendarako 60 euroko erosketa bonua irabazteko aukera izango dute.

Zuzeneko ikuskizunak ere izango dira egunotan Elgetan. Martitzenean, Letter, eskutitz baten bidaia kale antzerkia egingo du Malas Compañias zirku taldeak, eta hilaren 27an Kontu eta kantu saioa egingo du Fernando Anbustegik 3-9 urte bitarteko entzuleendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak