Holokaustoko biktima Pascual Askasibarren ondorengoek Elgetara ekarri dute Alemaniatik itzulitako erlojua

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urr. 7a, 12:18
Jesus Maria Txurruka, atzo, Pascual Askasibarren omenezko ekitaldian.

72 urtetik gora izan da Pascual Askasibar elgetarraren poltsikoko erlojua Alemaniako biltegi batean. Naziek kendu zioten kontzentrazio-esparruan sartzerakoan. Berreskuratu eta dohaintzan eman dute ondorengoek Elgetako Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroan ikusgai egon dadin. Mendizaleen plazaren erdian, berriz, Askasibarren omenezko oroitarria ipini du Udalak.

Memoria historikoaren inguruko jardunaldiak egin ari dira egunotan Elgetan, eta atzo holokaustoko biktima Pascual Askasibar izan zen protagonista. Ana Garcia de Santa Maria historialariak lokalizatu zituen Pascual Askasibarren arrastoa eta harena izandako erlojua Antzina aldizkarirako ikerketa bat egiten ari zela. "Naziek dena jasotzen zuten erregistroetan eta Alemanian lau milatik gora objetu daude oraindik ere senitartekoei itzultzeko", azaldu du. Horrela izan zuten Elgetan Pascual Askasibarren berri.

Alemaniak soilik biktimen ondorengoei itzultzen dizkie objetuak, eta horregatik hasi ziren Ana Garcia de Santa Maria eta Elgetako udal teknikari Ainhoa Bernabe Pascual Askasibarren ondorengoen bila. "Galarraga baserrian jaiotakoa zen Pascual eta Julian Azkarragaren testigantza oso baliagarria izan zen bilaketarekin hasteko. Auzokidea izanik Andresa ama gogoratzen zuen, eta baita anai-arreben izenak". Udal artxiboak baieztatu egin zituen datu horiek eta denbora apur bat behar izan bazuten ere azkenean Jesus Maria Txurrukarengana iritsi ziren. "Maria Askasibarren biloba da, eta Maria Pascualen arreba zen".

Familiak eskaera eginda itzuli da Pascual Askasibarren erlojua Euskal Herrira. "Esango nuke Alemaniako kontzentrazio-esparru batetik Euskal Herrira itzultzen den lehenengo objetua dela", adierazi du Santa Mariak. Familiak dohaintzan eman du Elgetan dagoen Euskal Memoria Historikoaren Interpretazio Zentroan ikusgai egon dadin. Atzo egin zuten emate-ekitaldia. Horrelakoetan sinatu beharrekoak diren agiriak sinatu zituzten, eta erlojua dagokion erakusleihoan ipini zuten aurrerantzean bisitariek ikus dezaten.

Informazio gutxi Pascual Askasibarren inguruan

"Poltsikoko ordulari bat da eta bere balioa izango zuen garai hartan. Oraindik ere martxan dago, gainera”, esan zuen Ana Garcia de Santa Mariak. "Informazio oso gutxi dago Pascual Askasibarren inguruan. Alemaniako artxiboren batean armeniar moduan agertzen da… Pentsa! Eta ez da erraza pista jarraitzea. Haren afiliazio politikoaren inguruko informaziorik ere ez dut aurkitu. Irakurritakoaren arabera, dena den, pentsatzen dut pertsona kultoa izango zela”.

Pascual Askasibar 1903ko maiatzaren 17an jaio zen Elgetako Galarraga Etxetxo baserrian. 1936ko gerraren ondorioz Frantzian erbesteratu zen eta Compiègneko zelaietatik Neuengamme-Wöbbelin okupazio-esparrura bidali zuten, 1944ko maiatzaren 21ean. Hamaika hilabetera hil zen, 1945eko apirilaren 17an, aliatuek esparrua askatu baino bi aste lehenago.

Familiak esker onez hartu du haiek aurkitzeko Elgetatik egindako ahalegina. "Bere artikuluarekin Ana Garcia de Santa Mariak gure Elgetako sustraiak biziki sendotu ditu erabat ezezagunak genituen gure arbasoen —Andresa Iriondo eta Pascual Askasibar— pasadizioak argitara ekarri baitizkigu", adierazi zuen Jesus Maria Txurrukak. "Aukeran nahiago izango genuen gure arbasoek bizitza erabat zoriontsua izan zutela jakin izan bagenu, baina guztiz alderantziz gertatu da. (...) Kaltetuak suertatu ziren historiako liburuetan agertzen diren gertakizun lazgarrien eta ankerrenetarikoen adibide paradigmatikoak diren Frankoren altxamendu militar faxistan eta naziek eragindako holokaustoan. Makinatxo bat aldiz ikusi izan ditugu Francoren altxamenduari eta Nazien kontzentrazio-eremuei buruzko dokumentalak, baina jakin izan dugunetik gure arbasoetariko bik beraietan bizia galdu zutela dokumental horietan agertzen diren irudiek lehen ez bezalako zirrara eragiten dute gugan".

Oroitarria plazaren erdian

Atzoko ekitaldia Mendizaleen plazan amaitu zen. Bertan dago kokatuta Pascual Askasibarren omenezko oroitarria, hain zuzen ere holokaustoko beste biktima elgetarra den Tomas Rebolloren omenezko oroitarriaren ondoan.

 

Erlazionatuak

Pascual Askasibarren omenezko ekitaldia, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2017 urr 07 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak