EAJko Martiartu bataloiko komandantea izan zen Pablo Beldarrain 1936ko gerran. Kanpanzar inguruko defentsa lerroetan ibili zen tropa frankistek 1936ko urrian egindako erasoaldian. Berriz itzuli zen 1937ko apirileko erasoaldiei aurre egitera.
Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuak horrela eskatuta idatziz jaso zituen defentsa lerroko gorabeherak, baina frontea jausi zenean berarekin batera egin zuten dokumentu haiek erbesterako bidea. Editorial Bidasoak argitaratu zuen lehenengo aldiz Beldarrainen lana 1980. urtean, eta 2012an Intxorta 1937 kultur elkarteak hartu zuen lekukoa Historia crítica de la guerra en Euskadi 1936-1937 izenburupeko mila liburu argitaratuz.
Agortuta daude guztiak. "Urte gutxian saldu dira. Historialariek eta ikerketa sakonean diharduten adituek eskatzen dizkigute", adierazi du 1937 kultur elkarteko kide Nerea Villak. "Beldarrain leku askotan izan zen 1936tik 1937ra, eta kontakizuna oso ondo eginda dago. Informazio iturri ona da eta erraz irakurtzen da, gainera", esan du.
500 liburu eskuragarri
Gogora institutuaren laguntzarekin beste 500 liburu kaleratu ditu orain Intxorta 1937 kultur elkarteak. Gaur egin dute aurkezpena Elgetako memoria historikoaren euskal interpretazio zentroan eta Elgetako Udala egiten ari den Memoria Jardunaldien barruan. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Beldarrainen alargun Mari Carmen Amuriza zein Maialen eta Ane alabak. Intxorta 1937 kultur elkartearen izenean Jon Etxezarraga eta Nerea Villa egon dira.
Liburua hogei euroan dago salgai Elgetako zentroan, eta zortzi euroan aurki daiteke bertsio digitala Interneten. "Interesekoak dira Beldarrainek kontatzen dituenak. Informazio ugari ematen du Intxortako frontearen inguruan. Berak diseinatutakoa da, esaterako, zig zag motako lubaki sistema. Bonba bat jausten zenean kaltea gutxiago barreiatzen zen", esan du Villak.