Milizianoek eta gudariek 1936ko urriaren 4an gelditu zuten tropa frankisten erasoaldia Intxortan. Horren ondorioz izan zen posible hiru egun beranduago lehenengo Eusko Jaurlaritza sortzea. Jose Antonio Agirre izendatu zuten lehendakari eta hamar sailburuk osatu zuten gobernu hura. "Bizpahiru kenduta ez ditugu batere ezagutzen", esan zuen atzoko hitzaldian Arrietak. "Hamaika gizon haiek osatutako gobernu hura ikur bat da, ezagutu egin behar dira".
Lehenengo gobernu hura ezagutzera emateko helburuarekin etorri zen Arrieta Elgetara eta hamaika gizon haien eginak, lorpenak eta orbanak aurkeztu zituen. Hiru jeltzalek, hiru sozialistak, bi errepublikarrek, komunista batek eta EAE-ANVko kide batek osatu zuten Agirreren lantaldea.
Jeltzaleak ziren Jesus Maria Leizaola, Telesforo Monzon, eta Eliodoro de la Torre. Sozialistak ziren Santiago Aznar, Juan de los Toyos, eta Juan Gracia. Ramon Maria Aldasoro eta Alfredo Espinosa Accion Republicanakoak ziren, Gonzalo Nardiz EAE-ANV-koa eta Juan Astigarrabia alderdi komunistakoa.
"Baldintza oso zailetan jardun zuen gobernu hark, baina bederatzi hilabeteko epean eta gerra egoeran hainbat gauza egin zituzten. Lehenengo euskal pasaporteak sortu zituzten, lehenengo euskal txanpona… Euskal unibertsitatea eta euskal gurutze gorria jarri zituzten martxan, eta sortu zuten ertzaintza. Gogoratuak izateko modukoak direla uste dut", adierazi zuen Arrietak.
Bakoitzaren ibilbidea azaldu zuen eta lehenengo Eusko Jaurlaritzan izandako ardurak. Alfredo Espinosa fusilatuta hil zen eta gainerakoek, Agirre tarteko, erbesteratze luze bat izan zuten. Monzon, Leizaola, Astigarrabia eta Nardiz itzuli egin ziren Euskal Herrira. Gainerako seirak erbestean hil ziren.