Ekimena ez da berria Elgetako herri eskolan, baina aurten ikasturte hasieran iritsi da Liburuen Altxorra ikastetxera. Galtzagorri elkarteak orain 15 bat urte martxan jarritako ekimena da eta Imanol Mercerok azaldu duenez irakurzaletasuna bultzatzea du helburu. "Txikiak diren ikastetxeetan liburutegiak ondo hornitzeko zailtasun handia izaten dute. Liburuen Altxorra ekimenarekin egoera hori apur bat leuntzea bilatzen dugu. Galtzagorri elkarteak liburuz betetako kutxa bat ekartzen du ikastetxera, eta gutxienez lau aste ematen ditu bertan. Ikasleek liburu horiek irakurtzeko eta etxera eramateko aukera dute, eta oso ondo funtzionatzen du ekimenak. Horrekin batera saiatzen gara irakurzaletasuna bultzatzen".
Mercerok azaldu du Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundiek babestutako ekimena dela honakoa eta Galtzagorri elkarteak liburuz betetako hamar kutxa dituela; bost Gipuzkoarako eta bost Bizkairako. Kutxa bakoitzak 120 bat liburu ditu.
Saioa 5. eta 6. mailetako ikasleekin
Galtzagorri elkarteko kidea herri eskolako 5. eta 6. mailetako ikasleekin elkartu da gaur goizean. Ordu eta erdiko saioa egin dute. "Erakusten diet kutxa eta aurkezten dizkiet liburuak. Horrekin batera dinamika zein den azaltzen diet. Beraien ardura izango da adinez txikiagoak diren ikasleei egitasmoaren berri ematea".
Kutxan ekarritako liburuak sailkatu egiten dituzte adin egokitasunaren arabera eta ziklo edo talde bakoitzak bere sorta jasotzen du.