Askotariko produktuak izango dira aurten ere Elgetako baserritarren eta artisauen iraileko azoka berezian. Udalak emandako datuen arabera hemeretzi bat postu izango dira plazan: zortzi baserriko produktuekin, hiru artisau lanekin, bi marokoar jakiekin, Mikel Irazabalen postua Baobeer garagardoarekin, Hotz Bergara taldeko lagunak Siriako errefuxiatuen aldeko materiala saltzen eta seigarren mailako zein DBHko ikasleak ikasturte amaierako bidaia ordaintzeko pastelak eta bestelako jakiak saltzen. Herriko ortu ekologikoetako kideek erakusketa ipiniko dute azokan eta Ekogunek hazi eta landare bereziak ipiniko ditu salgai. Postu sorta horretaz gainera Igor Hercek burdin langintza erakustaldia egingo du. "Baserritarrek azokan ipinitako postu kopurua aurreko urteetakoaren antzerakoa izango da", adierazi du baserritarren batzordeko burua den Sebastian Arantzabalek. "Azokaren helburua da bertan ekoiztutako produktuak ezagutzera ematea eta zero kilometro deituriko produktuen kontsumoa bultzatzea". Badira urte batzuk azoka egiten dela. "Jendea ibiltzen da eta egiten dira salmentak, baina esango nuke azkenaldian jaitsita dagoela hori. Bestalde, gehienetan jende nagusia ibiltzen da. Akaso ohituagoak daude azokan erosketak egitera".
Baratzeko lanetarako sasoi ona izan dela adierazi dute baserritarrek. "Tomaterako urte ona izan da baina uste dut azkenaldian egin duen eguraldia dela-eta ez dela azokan asko egongo", esan du Arantzabalek.
Udazkeneko produktuak nagusituko direla dio: intxaurrak, sagarrak, madariak, azaloreak, azak, porruak, zerbak, kalabazak... "Amaieran baserritarrek emandako produktuekin osatutako otar baten zozketa egingo dugu", adierazi du Arantzabalek.
Udalak baliatuko du aukera baita ere herriko baratze parkearen inguruko informazioa zabaltzeko. "Erabiltzaileek bertan ekoiztutako produktuak erakutsiko dituzte azokan eta izenemate orriak ipiniko ditugu eskuragarri ". Udal arduradunak adierazi du bederatzi bat erabiltzaile daudela gaur egun baratze parkean eta badagoela berriak hartzeko lekua.
Artisautza eta gozoak ere bai
Baserritarrekin batera herriko zenbait artisau azokan izango dira bihar. Lerrook idazterakoan hiru zeuden izena emanda: Lorena Ibeas, Pili Arin eta Igor Herceren eta Arrate Egurrolaren E-mendi artelanak tailerra.
Gozoak ere izango dira salgai azokan. Alde batetik, ikasturte amaierako bidaia ordaintzeko salmenta postu bana ipiniko dute seigarren mailako eta DBHko ikasleek. Bestalde, marokoar gutiziak ere izango dira aurten. Mohamed Elhuomanik eta Omar Bittik eskainiko dituzte. "Azoka batean baino gehiagotan izan dira dagoeneko eta adierazgarria da beraien parte hartzera", esan du Arantzabalek.
Postua izango du azokan baita ere Hotz Bergara taldeak. "Elkartasun zozketa egin genuen Gabonetan eta zenbait sari jaso barik gelditu dira. Erabaki dugu material hori berriz zozketatzea", adierazi du Hotz Bergarako kide Saioa Arantzabalek. Neska-mutikoendako ekintzak ere egingo dituztela esan du elgetarrak.