Joseba Iñaki Urgoitia: "Mediku arreta, Elgetan, inguruko beste herrietako mailakoa da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ira. 15a, 10:00

Joseba Iñaki Urgoitia Elgetako kontsultan.

Elgetarren sendagilea ia 34 urtez gaur, barikua, hartzen du erretiroa Urgoitiak. Gogoan ditu hasierako urteak eta dio hobekuntza handiak eman direla ordutik.

Egun bereziak dira honakoak sendagilearendako. Azken egunak ditu Elgetako kontsultan.

Iritsi da erretiroa. Pozik hartzen duzu edo kostako zaizu egokitzea?
Ba, ez dakit. Oso berria izango da. Urte mordoa dira gauza berdina egiten eta aldaketa suposatuko du. Bertigo apur bat sortzen du.

Pazienteak gerturatu zaizkizu agurtzera? Haiendako ere aldaketa izango da.
Etorri dira batzuk. Ziur aldaketa izango dela, baina taldean lan egiten dugu eta tarteka etorri izan dira ordezkoak. Osakidetzako sarean gaude eta historio klinikoak informatizatuta daude. Ez da lehen bezala dena zegoela medikuaren buruan.  

Mila bat biztanleko herri bateko sendagilea izan zara. Ezaugarri bereziak izango ditu horrek.
Zalantzarik gabe. Eremu itxiagoa da nahiz eta herri handiagoetan sendagileek paziente kupo bat duten. Hemen elkar ezagutzen dugu eta elkar ikusten dugu kontsultatik kanpo ere.

Nola gogoratzen dituzu lehenengo urteak Elgetako kontsultan?
1983ko azaroan iritsi nintzen. Oposaketak gainditu eta Elgeta aukeratu nuen. Ordezkapenak medio ezagutzen nuen apur bat aurretik. Atentzioa, orduan, astean zazpi egunekoa zen eta 24 orduz. Medikua eta erizaina geunden eta biztanle guztiei ematen genien arreta, izan helduak izan haurrak. Laguntza medikorako zentroa Arrasaten zegoen —gerora Debagoieneko Ospitalea bihurtu zena — eta espezialistak Eibarren.

Asko aldatu da Elgetako osasun zentroa hiru hamarkadatan?
Aldaketa oso handiak eman dira. Hasteko eta behin lantaldearen dedikazioa. Osakidetzan sartzeak lantalde batean lan egitea ekarri zuen, eta Bergarako larrialdi zerbitzuak sortzeak aldaketa handia suposatu zuen. Bestetik, hasiera batean ez zegoen  Elgetan analitikarik egiterik. Eibarko anbulatoriora joan beharra zegoen. Ostera lortu zen analitiketarako odola hemen ateratzea eta laginak Eibarrera taxi bidez bidaltzea. Azkenik, Debagoieneko Ospitalea sortzeak baliabide gehiago ekarri zituen, tartean tresneria berria diagnostikoa egiteko...

Gaixotasunei dagokienean aldaketa nabarmenak eman dira?  
Gizartean, orokorrean, eman diren aldaketak: infekzio-arazoak gutxituz joan dira eta gero eta gaixotasun kroniko gehiago daude. Biztanleriaren adina igo egin da. Lehen ez zen batere arrunta 90 urtera heltzea eta gaur egun ez da hain zaila.  

Elgetako botikarekin ere harreman oso estua dago, eta?
Elkarren behar izana daukagu eta herri txikia izanik gertutasun handia dago bai herritarrekin bai gainerako zerbitzuekin, izan botika edo udaletxeko ongizate saila. Lankidetza ona dago eta garrantzitsua da zerbitzu onena emateko, zalantzak argitzeko eta abar...

Eta elgetarrak, gaixotzen direnean, paziente onak dira? Gogorrak, kexatiak…? Zer esango zenuke?
Jende atsegina da eta ondo ezagutzen dute beraien burua. Orokorrean, ez dira kontsultara edozein tontokeriagatik etortzen.  

Urteotan une gogorrak ere izango ziren. Larrialdi egoerak, gaixotasun larriak…
Noski, baina asko aldatu dira gauzak. Hasieran nahiko bakarrik geunden. Orain ez. Baliabide berriak daude, esaterako 112 emergentzia zerbitzua. Helikopteroa ere badago eta inoiz erabili behar izan da. Zerbitzu onak dira. Beti nahi izaten dugu azkarrago iristea eta abar, baina zerbitzu onak dira.

Elgetako osasun zentroa gaur egun ondo hornituta dago?
Une honetan Elgetan ematen den mediku arreta inguruko edozein herritan ematen denaren mailakoa da. Beste herrietan egin daitezken proba berdinak egin daitezke hemen bateren bat salbu. Pediatra zerbitzua ere badago. Astean behin etortzen da eta gehiagotan etortzea eskatu izan da. Kontuan hartu behar dugu biztanle kopurua zein den. Elgetaren tamainako zenbait herritan kenduta dago zerbitzu hori.

Erretiroa hartzerakoan zenbat ardura uzten dituzu?
Bergarako Unitateko arduraduna naiz eta Angiozarko kontsulta ere nik pasatzen dut.

Eta hurrengo sendagilea nor izango den erabakita dago?
Izendatuta dago. Nik astean jakin dut. Emakumezko bat da. Elkartuko gara esku aldatzea egiteko.

Aholkurik emango zenioke?   
Ez. Gazteagoa da eta seguruenik ni baino prestakuntza maila hobearekin etorriko da.

Eta zein asmo du Iñaki Urgoitiak etorkizunerako?
Etxea daukat lanagatik eta kontuan izanda emazteak ere erretiroa hartzen duela eta Lekeitiokoa dela printzipioz Lekeitiora joango gara bizi izatera. Baina etorriko gara tarteka. Bizitzako urte gehienak hemen egin ditugu, eta oso ondo bizi izan gara Elgetan.

Eta elgetarrei, zer esango zenieke?  
[Barre] Elgetan oso ondo bizi daitekeela uste dut. Diren modukoak izaten jarraitzeko esango nieke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak