Udako maileguetan genero poliziakoa eta historikoa izan dira nagusi

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ira. 9a, 17:51
Neska-mutiko taldeak Elgetako liburutegian.

Gazteek nahiz helduek gaztelerazko irakurketen aldeko hautua egiten jarraitzen dute.

Opor egunetan irakurtzeko mailegatutako liburuak bueltan jasotzeko egunak izan dira honakoak liburutegian. Zenbait astez itxita egon ostean zerbitzuak udako ordutegiarekin zabaldu ditu ateak asteon. Astelehenean  itzuliko da ohiko ordutegira. "Uda partean ohiko irakurleek mailegu gehiago egiten dituzte eta liburu bat edo bi beharrean hiruzpalau eramaten dituzte. Badira kopuru hori gainditzen dutenak ere", azaldu du liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak.

Irakurtzeko zerbait erraza emateko eskakizuna nagusitzen dela dio, eta genero irakurrienen artean poliziakoa eta historikoa nabarmendu ditu. "Gazte nahiz helduek gaztelerazko irakurketen aldeko hautua egiten dute. Tartea, gainera, nabarmena da guztiz, arduratzekoa esango nuke. Haurrak salbuespena dira gehiengoak euskarazko edukiak eramaten dituztelako. Haur literatura dezente mailegatzen da. Gazte literatura oso gutxi. Helduen narratibak ere —16 urtetik gora— baditu irakurleak. Irakurleen gehiengoa 35-40 urtetik gorakoa dela esango nuke".

Udako titulu arrakastatsuenen artean Ezpeletak Eva Gartzia Saenz de Urturiren Los ritos del agua, Dolores Redondoren eleberriak, Toti Martinez de Lezearen Tierra de leche y miel eta Fernando Aranbururen Patria nabarmendu ditu.

Ekintza bereziak bueltan

Ezpeletak hilaren 22rako iragarri du hurrengo ipuin kontalari saioa. Gu ere kontalari ekimenak eta aurreko ikasturtean abiarazitako Hitzez Pitz literatura solasaldiek ere jarraipena izango dute.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak