Aurkikuntza gehiago egin dituzte Elgetako artxibo historikoan

Txema Barrutia Elgetako artxibo historikoan.

Maiatzean Elgetako artxiboan aurkitutako dokumentuen berri eman zuten Manolo Cainzosek eta Txema Barrutiak. Orain, Elgetako artxiboen inguruko beste bi datu bitxi azaldu dira: dokumentu baten agerpena eta 1623ko maparen gaineko jatorri.

Urte asko jardun du lanean Elgetako Kutxan Txema Barrutiak. Erretiratu zenean, Historia ikasketak egin zituen, eta, duela gutxi, Manolo Cainzosekin batera ibili da Elgetako artxiboan dauden dokumentuak txukuntzen. "Lana aurretik egina zegoen. Fernando Muñozek eta Mari Angeles Elkorok aurretik artxiboen gaineko aurkibide antzeko bat egin zuten 70eko hamarkadan, Archivo Histórico de Elgeta izena zuena. Euren lanak goraipatu nahiko nituzke", aitortu du Barrutiak.

Hala ere, ez dute lan makala egin Cainzosek eta Barrutiak. Aste Santu aldera jarri ziren martxan eta dagoeneko dokumentuak, miatu, klasifikatu, fotokopiatu eta datatu dituzte. Baita aipatutako aurkibidera datuak gehitu ere.

Era askotako dokumentuak

Mende ezberdinetako dokumentuak dira Elgetako artxiboan daudenak, eta Cainzosek eta Barrutiak horien edukien arabera klasifikatu dituzte: auziak, kaperatasunak, kontuak, korrespondentzia, buletinak, akordioak, ordenantzak, zirkularrak, eta abar.

Hainbat bitxikeria

Papiro itxura duen beste dokumentu bat ere aurkitu dutela ziurtatu du historialariak: "Elgetaren eta Eibarren arteko mugak zehazten dituen dokumentua dela dirudi. Hala ere, dokumentu oso zaharra eta testua antzinako letra tipoarekin dago idatzita. Horregatik, paleografo batek dokumentu hori aztertzea funtsezkoa dela uste dut. Baina horretarako dirua behar da".  

Maiatzean herritarrei erakustaldi txiki bat eskaini zitzaien orain arte topatutako dokumentuekin: Elgetako berrespenak jasotzen dituen liburu bat,  1927ko Angiozarren eta Uberaren desanexioaren gaineko dokumentua, eta 1623ko Elgeta erakusten duen mapa bat. "Mapa hura Valladolideko Kantzilertzan zegoen, garai hartan auziak bertan kudeatzen baitziren. Antza, Ana Juaristik, artxibategietan lan egiten zuen eibartar batek, Valladoliden aurkitu zuen mapa hura.

Gertutasunagatik, eta atentzioa eman zionez, berak eskuratu zuen. Geroago, Juaristi Elgetako artxibategian lan egin zuen sei hilabetez eta niri eman zizkidan",  azaldu du Mari Angeles Elkorok.

Dokumentuen kontserbazioa

Artxibo horiek guztiak era egokian mantentzeko, kontserbazio lanak funtsezkoa direla uste du Barrutiak; baita horien digitalizazioa ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.