Herriko jaiei izena ematen dien ekitaldia, Ferixa Nagusixa, bihar egingo dute, eta, urtero legez, goizetik eguerdira bitartean, artisauen eta bertako ekoizleen hainbat janari postu jarriko dituzte herriaren erdigunean, eta baserritarrek euren ganadua jarriko dute ikusgai. Urtero jende dezente erakarri ohi du azoka horrek.
Jakiak eta artisauak
Herriko Plazan eta inguruan jarriko dituzte domekan postuak, eta hirurogei bat izango dira. "Hogeita bi inguru artisauenak izango dira, eta gainontzekoak, gehienak jakienak: gazta, pastelak eta bestelako gozoak, ogia, baserritarrek ekarritako barazkiak...". Horrez gain, bi etxek baserriko tresnak ere jarriko dituzte salgai Ferixa Nagusian.
Hala, aurten ere azokan izango diren postuak, gutxi gorabehera, urtero etortzen direnak izango dira, baina nobedaderen bat edo beste ere izango da tartean. Esaterako, Mikel Irazabal elgetarrak berak ekoizten duen Baobeer artisau-garagardoarekin postua jarriko du aurten. Herriko baserrietako ekoizleek ere jakiak jarriko dituzte salgai, eta artisauen artean lau bat ordezkari elgetar izango dira, baita ganadua ekarriko dutenen artean ere.
Ganadu feria
Domekako Ferixa Nagusixan ganadua izan ohi da beti protagonista nagusietakoa. Leku desberdinetako baserritarrek ekarritako behiak edota behorrak izango dira ikusgai egun horretan, baina, beti bezala, idiak izango dira protagonista. Hala, 24 idi pare inguru etorriko dira Elgetara, Gipuzkoako txoko desberdinetatik zein Bizkaitik edota Araba aldetik ekarriko dituztenak.
"Feria honek urte askoko tradizioa dauka. Andramaritan feria izaten zen urtero, eta hona, Elgetara, idi gazteak ekartzen zituzten eta helduak eroaten zituzten, lanerako fuerteak zirenak, Araba aldera eta. Ohitura horri jarraiki, orain, gehienbat idiak izaten dira Ferixa Nagusixan", azaldu du ganadu azoka antolatzen ibiltzen den Agustin Beretxinaga elgetarrak. Kanpotik ere idizaleak gerturatzen dira Elgetara azokako ganadua ikustera.
Azokaren inguruko antolaketa lanetan aritzeaz gain, baina, Agustin Beretxinagak hogei urte baino gehiago daramatza bere ganaduarekin azoka horretan parte hartzen. Behiak ekartzen ditu hark, eta aurten ere hala egingo du. Beretxinagaz gain, Javier Ormaetxea elgetarrak ere behiak ekarriko ditu feriara eta Roberto Basaurik, berriz, behorrak jarriko ditu ikusgai eta salgai.