Azken hilabeteotan kultura etxean izan den memoria tailerrak. Martxoaren 16an egin zuten lehen saioa, eta, ordutik, eguenero –2 orduz– elkartu dira esku hartu dutenak. Oro har, "gustura" jardun dute, eta ez dute zalantzarik: "Errepikatzeko moduko esperientzia izan da; eta, nola ez, ingurukoei gomendatu beharrekoa".
Bada, herritarrek eguneko zentroko esperientziak bultzaturik egin zuten eskaera. Alegia, bertan, ohikoak dira memoria lantzeko tailerrak; eta, horretaz jakitun, horietara joan ahal izatea eskatu zuten zenbait herritarrek. Dena den, egoiliarrak ez direnek ezin dute bertara joan, plaza mugatuak baitira. Hori horrela, kultura etxean tailer irekiak antolatzea erabaki zuen Udalak. "Herritarren eskaerak bultzaturik, tailer irekiak antolatzea erabaki genuen", dio Mirari Larrañagak, Gizarte Ongizate zinegotziak.
Horri lotuta, Udalak egitasmoaren balorazioa eskaini du: "Memoria tailerrak oso harrera ona izan du. Izena eman dutenen artean oso giro ona sortu da. Gauzak horrela, taldea sortuz gero, datorren urtean errepikatzeko moduko esperientzia da, dudarik gabe".
Memoria lantzearen garrantzia
Lorea Errekalde animatzaile soziokulturalak dinamizatu ditu memoria lantzeko tailerrak; gisa ezberdinetako ariketak erabili ditu horretarako. Besteak beste, saioak prozesu baten parte izan dira. Alegia, tailerrak aurrera egin ahala, ordura arte landutakoak ekartzen zituzten gogora parte hartzaileek; aurreko asteetan jorraturikoaren errepasoa egiten zuten horrela.
Memoria lantzearen garrantzia azpimarratu du Errekaldek. "Oso inportantea da memoria lantzea, erabiltzen ez dena galdu egiten baita. Jardun horretan, beharrezkoa da funtzio kognitibo guztiak aktibo mantentzea", dio.
Tailerraren dinamizatzaileak saio praktikoetan oinarritu du prozesua, memoria lantzera ez ezik, gainerako funtzio kognitiboak garatzera bideraturikoak. "Funtzio kognitibo guztiak lantzera bideratu ditut saio praktikoak. Horrez aparte, gauzak gogorarazteko zenbait trikimailu erakutsi dizkiet", azaldu du animatzaile soziokulturalak.
Adina, mugatu gabe
Adin eta profil askotariko jendeak egin du bat egitasmoarekin. "Memoria lantzeko tailerrean izena eman duten asko jubilatuak dira, baina jende gazteagoa ere animatu da. Horiek prebentzio moduan darabilte, batez ere. Tailer hauek ez dute adin mugarik", argitu du Errekaldek. Gaineratu duenez, aniztasun horrek ez dio kalterik egin prozesuari: "Oso giro ona sortu da. Gainera, ariketak egitean, laguntza handia eskaini diote elkarri; eta hori aberasgarria da tailerrarendako".
Etxean lantzeko modukoa
Memoria lantzeko jardunean, Lorea Errekaldek aparteko garrantzia ematen dio estimulazioari. Hori horrela, parte hartzaileen esku badago ere, ikasirikoa ez dute zertan memoria tailerreko saioetara mugatu. "Etxean ere jarrai dezakete memoria lantzen, besteak beste, sudokuak eginez edo egunkaria irakurriz. Finean, burua aktibo mantentzea da gakoa", esan du Errekaldek. Parte hartzaileek ez diote uko egin ikasirikoa lantzen jarraitzeari.