Gipuzkoako Foru Aldundiak programa berezia abiarazi du Internet konexio ultra azkarra lurralde osora hedatzeko. 2.500 biztanletik beherako herriendako da, eta tartean da Elgeta. Arduradunek azaldu dute herritarrek ez dutela instalazioa egiteko ezer ordaindu beharko. "Aldundiak inbertsioaren %95 ordainduko du, eta gainerakoa operatzaileen esku geratuko da", adierazi dute.
Hiru fasetan egingo dute programa, eta lehen faserako zabaldutako laguntza ildoa 1.480.000 eurokoa da. Herrigunetik 500 metro baino gertuago daude eraikinei edo ustiategiei eragingo die. Bigarren fasean kilometro bat baino gertuago daudenen txanda izango da, eta hirugarrenean bi kilometrora daudenena. Lehenengo eta behin Aldundia jarriko da harremanetan dagokien herritarrekin babestutako kanpaina bat dela azaltzeko. Ondoren, operatzaileen txanda izango da. Aztertu gura dute konexio azkarra instalatzeko eskaera dagoen edo ez herrian.
Zuntz optikoa Elgetan
Eusko Jaurlaritzaren ekimenez iritsi zen zuntz optikoa Elgetara, ekainean. Jaurlaritzaren eskumenekoak diren herriko eraikinetara eginda dago konexioa; KZgunera, osasun zentrora eta Herri Eskolara. Gipuzkoako Foru Aldundiak, orain, zuntz optikoa herri txikietara iritsi izana baliatuko du bestelako eraikinetara zabaltzeko.