Elgetatik pasako da Red Electrica de España enpresak (REE) Gueñes eta Itsaso artean eraiki gura duen goi-tentsioko lerro berria. Proiektua hainbat urtez geldi egon ostean, REEk jakinarazi du gertu dagoela egitasmoari berrekiteko. Tentsio lerro bikoitza izango da, joan-etorrikoa, eta 400.000 volt garraiatuko ditu. "Une honetan goi-tentsioko hiru lerro daude Elgetan. Bi Intxorta aldera daude, eta 132.000 voltekoak dira. Hirugarrena Larrabil azpitik pasatzen da, eta 220.000 volt garraiatzen ditu. Berria 400.000 voltekoa izango da; hau da, Larrabilekoaren bikoitza", adierazi du Iraitz Lazkanok.
Elgetako alkatea proiektu horren gelditzea eskatzeko gaur Durangon egindako agerraldian izan da EHNE, Eguzki, eta EH Bilduko beste hainbat kargudunekin batera.
Bi batzar arduradunekin
Alkateak jakinarazi du bi batzar egin dituela Udalak REEko ordezkariekin. Enpresa elektrikoak proiektuaren nondik norakoak azaldu dituela eta kaltetutako lurjabeekin banan-banan elkartzeko nahia adierazi duela esan du Lazkanok. "Goi-tentsioko lerro elektrikoa Egoarbitzako eta Azkonabietako iparreko aldetik pasako da, eta proiektuak aurreikusten du Elgetan 70 metroko zazpi dorre egitea. Ideia bat egiteko, hogei solairuko eraikin baten tamainakoak izango dira dorre horiek", azaldu du. Datu gehiago ere eman ditu alkateak: "Lerro elektriko hori egiteko 145.544 metro karratu baso botako dituzte Elgetan. Hau da, 22 futbol zelairi dagokion azalera. Airez hartuko duen eremua, berriz, 33 futbol zelairi dagokiona izango da. Botako duten baso zatia Elgetaren azaleraren %1 izango da".
Helegiteak aurkezteko epea
Goi-tentsioko lerro berri horren eraikuntzak Elgetako 50 bat lurjabe kaltetuko ditu. Udal webgunean dago ikusgai lursailen eta lurjabeen zerrenda eguneratua. Horren harira, udal arduradunek gogorarazi dute martxoaren 23ra arte dagoela zabalik helegiteak aurkezteko epea. "Zenbait herritar gerturatu dira dagoeneko informazio eske. Udaletxean daukagu proiektuaren inguruko txostena; goi-tentsioko lerroa nondik pasatzen den, ingurumen jasangarritasunari buruzko txostena, planoak...".
Udala egoera aztertzen
Lazkanok jakinarazi du Udalak helegiteak aurkezteko duen epearen luzapena eskatu duela. "Ingurumen batzordetik aztertuko dugu gaia. Hasita gaude, eta saiatuko gara helegitea aurkezteko dokumentazioa prestatzen", esan du. Elgeta ez da proiektu honek zeharkatuko duen Debagoieneko herri bakarra. Bergaratik eta Antzuolatik ere igaroko da goi-tentsioko lerro berria.
REEk 2017ko abenduan edo 2018ko urtarrilean hasi gura ditu eraikuntza lanak.