Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea bertan behera uztea eskatu dute

EHNE, Eguzki, Zaldibar, Igorre, Antzuola, Elgeta, Berriz, Zornotza eta Iurretako ordezkariak, gaur, Durangon.

Gueñesetik Itsasora (Gipuzkoa) goi tentsioko linea elektriko bat sortzeko proiektua zabaldu zen 2011n. Alegazioen ostean, sei urtez stand-by egoeran egon da, eta orain, Espainiako gobernuak berriro aktibatu gura du 2018an eraikitzen hasteko. Egitasmoaren aurkako aldarria egin dute Durangon EHNEk, Eguzkik, EH Bilduko hainbat kargudunek eta Garaiko alkateak.

26 herritan zehar igarota, 74 kilometroko ibilbidea izango du linea berriak, 30 metroko zabalerarekin. Ingurumenean eta herritarren osasunean kaltea ekarriko duela uste dute aurka agertu diren eragileek. “Lerroak minbizia-eragile direla dioten azterketak ugariak dira”, azaldu dutenez. Gainera, estatuan ezarritako esposizio neurriak zaharkituta daudela ohartarazi dute. “Gure osasuna eta ingurumena, beste behin ere, oligopolio baten mesedetan jartzea da linearen helburua”, kritikatu dute.

Linea sortzeko motiboa, “enpresa elektriko handiek negozioak mantentzea eta argindar fakturak igotzen jarraitzea” dela uste dute. “Benetako arrazoia, espainiar sistemaren gainprodukzioa Frantziara eramatea da”, gaineratu dute.

Argazkiaren eta informazioaren iturria: anboto.org

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.