"Gizakiok hiru begi ditugu; bi kanpoan eta bat barruan. Kanpokoak itxiko ditugu ea barrukoarekin zer ikusten dugu". Hainbat ariketa proposatu ditu Eneko Haritza ipuin kontalariak Elgetan asteotan egindako kontalaritza tailerrean, eta gako ugari eskaini dizkie parte hartzaileei. Esanguratsuenetako bat kontatu beharreko ipuina ahalik eta xehetasun gehiagorekin irudikatzea. Hau da, irudiekin funtzionatzea.
Ez da udal liburutegiak kontalaritzaren inguruan antolatzen duen lehen tailerra. Virginia Imaz eta Bego Alabazan ere egondakoak dira. "Tailerrak antolatzearen arrazoi nagusienetakoa kontalari boluntario taldearen izatea da. Ipuinen Ordua egitasmoak jarraitu duen ibilbidea zoragarria da guretzat. Elgeta bezalako herri txiki batean irailetik ekainera bitartean hamahiru edo hamalau ipuin saio antolatzea boluntarioak izanik kontalari itzela da", adierazi du udal liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak.
Hamabi boluntario
Kontalaritza saioan bospasei lagunek hartu dute parte. "Hamabi boluntarioko zerrenda dugu. Dena den maiztasun desberdinarekin animatzen dira saioa egitera; batzuk sarriago eta besteak noizbehinka (...) Haurren interesa, gogoa eta parte hartzea handia da eta boluntarioen jarraikortasuna eta kopurua ere bai", esan du Ezpeletak.
2014ko otsailetik 40 ipuin saiotik gora egin dituzte liburutegian eta bataz beste 35 umek hartu dute parte. Azkenaldian umeak ere animatu dira ipuinak kontatzera. "Sei neskatilako talde batek erritmoa hartu du eta beti daude saio berriak antolatzeko prest. Umeek entzuteko eta entzunak izateko nahia dute".