Bego Alabazan: "Irudimena da gure sexu organo indartsuena"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urt. 19a, 17:00
Bego Alabazan narratzailea sex shop batean.

Ipuin berotikoekin dator bihar Elgetara Bego Alabazan aho narratzailea, eta 22:30ean egingo du helduendako saioa, liburutegian. Aurretik, umeendako bi saio egingo ditu udal liburuzainak (16:40 eta 17:25).

Helduendako zazpi bat saio ditu eta ipuin berotikoena da arrakastatsuena. Elgetan ere harrera ona izatea espero du. Gure buruari plazererako baimena ematen ikasi behar dugula dio.

Zer dira ipuin berotikoak?
[Barre] Hitz joko bat da jendearen jakin-mina pizteko. Esaten dutenez, irudimena da gure sexu organorik indartsuena, eta hortik abiatuta berotu nahiko nuke giroa Elgetan, eta, ahal dela, gorputzak ere bai. Irudimenetik, betiere, noski.

Zein jarrerarekin joan behar du entzuleak saio horretara?
Saio horretara zein beste edozeinetara jarrera irekiarekin joatea da onena. Tarte bat hartuko dugu elkarrekin ondo pasatzeko. Ipuinak kontatzen ditudanean, asko gustatzen zait nik neuk ondo pasatzea, eta, noski, entzuleek nirekin ondo pasatzea. Hitz egingo dugu sexuaz, plazeraz... eta saiatuko gara tabuak alde batera uzten.

Lotsatiek ere badute lekua saioan?
Noski. Entzuleen artean denetarik egoten da, eta norberak erabakitzen du non kokatu bere burua. Parte hartzea ez da derrigorrezkoa. Lotsatiagoek jakin behar dute lasai egon daitezkeela, ez dut-eta inor agertokira ateratzen. Helduendako saioetan, jendeak atzean esertzeko joera du. Atzean esertzen dira beti eta hutsik gelditzen dira lehenengo lerroak. Tira, ba, ez dago motiborik aurrean ez esertzeko!

Zenbat ipuin berotiko ekarriko dituzu Elgetara?
Hiru bat ipuin kontatuko ditut. Berez, ordubeteko iraupena du saioak, baina gertatzen dena da beti luzatzen naizela. Beraz, eta errealistagoa izateko, kalkulatu behar duzue ordu eta laurdeneko saioa izango dela, gutxi gorabehera. Entzuleen parte-hartzeak, noski, badu bere zerikusia kontu honetan.  

Eta nondik ateratzen dituzu ipuinak?
Handik eta hemendik... Lehenengo ipuina, esaterako, herrikoia da; bigarrena Juan Martin Elexpururen Txakur zaunkak atean liburutik atera dut; eta hirugarrena, egia esan, ez dakit… aldizkariren batetik, ziurrenik, baina ez dut gogoan.

Berotikoak izateaz gain, badute beste ezaugarririk ipuin horiek?
Egia esan, saioa gorpuztu nuenean ez nintzen jabetu, baina esan didate ikuspuntu oso femeninotik kontatutako ipuinak direla, eta horrela da. Gerora konturatu naiz. Magda Labarga narratzailearen laguntzarekin lotu nituen errepertorioan neuzkan hainbat ipuin, eta esan izan digute gizonak batzuetan ez ditugula oso leku onean uzten.  Eta onartu behar dut emakumeak askoz ere toki hobean gelditzen garela, orokorrean.

Saio arrakastatsua da?
Hainbat proposamen dauzkat helduendako, eta, zalantza barik, hauxe da gehien eskatzen didatena. Aho narrazioaren harra helduen artean sartzeko amu oso erakargarria izaten ari da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak