Udal aurrekontua gehiago estutu daitekeen izan da eztabaida

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko abe. 22a, 15:41

Elgetako udal gobernu taldearen babesarekin egin du aurrera milioi bat eta erdi euro pasatxoko aurrekontuak. Oposizioa abstenitu egin da gerrikoa gehiago estutzeko aukera badagoela iritzita. Iradokitako neurriak eztabaida iturri izan dira.

2017ko udal aurrekontua aurrekoa baino %5,43 txikiagoa da. Elgetako Udalak 1.535.692,54 euro izango ditu kudeatzeko. Zorpetze mailak baldintzatutako aurrekontua dela adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. Haren hitzetan "estutuaren estutua" da, eta inbertsioetarako kopuru "tristea" uzten duena: "83.300 euro besterik ez", adierazi du. "Orain hilabete batzuk Kutxabank-ekin sinatu genuen berfinantzazioarekin aurrezten dugun dirua da gutxi gorabehera 2017an inbertsioetarako izango duguna", azaldu du. "Berfinantzazio horrek ahalbidetu digu zerbait eduki ahal izatea inbertsio batzuk egiteko herrian".

Hilerriko horma konpontzea izango da 2017ko udal inbertsio garrantzitsuena. Bestelako egitasmoen artean nabarmentzen dira bi baserri bide konpontzea, adinekoendako parkea egitea, zenbait irisgarritasun lan burutzea eta kiroldegian segurtasun irteera bat egokitzea.

EH Bildu udal taldeko zinegotzien aldeko botoekin egin du aurrera aurrekontuak. Oposizioa abstenitu egin da. Egindako murrizketak ontzat eman dituzte baina neurri gehiago har daitezkeela uste dute Gu Geu Elgetako ordezkariek. Iritzi diote udal gobernu taldeak "esfortzu handiagoa" egin zezakeela; izan ere oposizioak zalantzan jartzen du Udalaren egoera ekonomikoa ikusita aurreikusita dauden zenbait gastu berriz aztertzeko edo negoziatzeko ahalegina behar bestekoa izan den. Gu Geu Elgetako Eduardo Zubiaurrek hainbat iradokizun egin zituen. Adibide gisa aipatu zituen aurrekontuan jasota dauden hainbat diru-lerro, esaterako euskara ikastaroak (5.000 euro), Goiena (9.000 euro), Uema (5.000 euro), edo erretiratuak (20.000 euro). Mikel Larrea bozeramaileak Domingo Iturbe Patronatua ere (6.000 euro) aipatu zuen: "Negoziatu da? Eskatu da ordainketa berandutzea edo denbora batez etetea? (...) Udalaren egoera ekonomikoa ikusita oposiziotik ez dugu ikusten iaztik hona neurri berezirik hartu denik", esan zuen Larreak. "Aurrekontua, zoritxarrez, penagarria da baina pentsatzen dugu islatzen duela  Elgetako Udalaren benetako egoera. Pentsatzen dugu tokatzen dela gerrikoa asko estutzea eta ikusten dugu kontratu eta zerbitzu kontratu batzuk errebisatzeke gelditu direla".

Udal gobernu taldeko arduradunen ezinegona piztu zuen oposizioaren balorazioak eta iritzi trukaketa sutsua eragin zuen gaiak. Iraitz Lazkano alkateak erantzun zuen murriztu daitezkeen partida guztiak murriztuta daudela. "Ez duzue aurkituko hamar euroko aldea egiteko kontratu aldaketa bat. Denak errebisatu ditugu: telefono zerbitzukoak, aseguruak, galdaretakoak, argindarrarenak... Estutzeko egongo litzatekeen aukera bakarra zerbitzuak kentzea izango litzateke eta talde politiko honetan ez daukagu horretarako intentziorik". Gaineratu zuen Elgetako Udala hainbat erakundetako parte dela eta bere obligazioei aurre egin behar diela. Horrekin batera oposizioko kideei adierazi zien bi hilabetez landu dutela aurrekontu proposamena eta ez dutela Gu Geu Elgeta taldearen aldetik inolako proposamenik jaso. Zentzu berean hitz egin zuen Janire Lazkano zinegotziak: "Iruditzen zait oso erraza dela egin duzuena; etortzea proposamenekin abenduaren 21ean, dena eginda dagoenean. Proposamenak baldin badauzkazue egiteko eta benetan axola bazaizue aurrekontua, eta herritarren dirua, eta ekonomia... etorri lehenago eta landuko dugu gaia. Beti esan izan dugu horretarako prest gaudela".

Mozioa eta osoko zuzenketa

Aurrekontua onartuta udalbatzako kideek aho batez hartu zuten egiten duten lanagatik udal talde politikoek jasotzen duten ordain-saria erdira jaisteko erabakia. Urtean 1.920 euroko aurrezkia ekarriko du neurriak.

Horrekin batera, Elgetako Udalak Gureak enpresarekin duen hitzarmena beste urtebeterako luzatzeko erabakia hartu zuten udal ordezkariek, hori ere aho batez.

EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa izan zen eguazteneko osoko bilkurako azken puntua. Segurtasun eredu propio baten norabidean Espainiako indar polizialen erretiratzea eskatzen duen mozioa EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten. Oposizioak osoko zuzenketa aurkeztu zuen oinarri hartuta gaiaren inguruan Eusko Legebiltzarrean 2013an gehiengo osoz onartutako legez besteko proposamena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak