Elgetako elizan dauden artelanak ezagutzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko aza. 18a, 09:00
Herritar taldea domekako bisita gidatuan Uriarteko Amaren irudiaren inguruko azalpenak entzuten.

Pieza esanguratsuak daude Elgetako elizan. Azken ikerketek baieztatu dute XVI. mendekoa dela Juan Bautista de Aranbururen triptikoa. Aldare nagusian dagoen Amabirjinaren jaiotza koadroa, berriz, erakusketa baterako eskatu dute Sevillatik.

Pintxo domeketako egitarauaren barruan bisita gidatu berezia egin zuten, domekan, Elgetan. Hamabost bat lagunek entzun zituzten Nerea Villa elgetarraren azalpenak eta hainbat nobedaderen berri eman zuen.

Iritzi kontrajarriak eragin ditu sakristian aurkitzen den Juan Bautista de Aranbururen triptikoak. Kopia edo Flandriako eskolakoa den zalantzan egon da azken urteetan. Egindako azken ikerketek, ordea, triptikoa  XVI. mendekoa dela defendatzen dute. "Munduko edozein museotan egoteko moduko obra da", adierazi zuen bisita gidatuan Manolo Cainzos historialariak.

Albiste da, baita ere, Sevillan egingo dute erakusketa baterako eskatu dutela aldare nagusian aurkitzen den Amabirjinaren jaiotza koadroa. Murillo margolariaren eskolaren gaineko atzera begirako erakusketa prestatzen dihardute eta bertan egongo da ikusgai Elgetako koadroa hurrengo urte amaieran. Nerea Villak azaldu zuen Murilloren eskolako Juan Simon Gutierrezenak direla aldare nagusiko koadro gehienak. "Hasiera batean koadro guztiak eskatu zituzten, baina adostu dugu bakarra eramango dutela, eta Amabirjinaren jaiotza izango da", gaineratu du Elgetako parroko Juan Cruz Juaristik.

Intereseko beste artelanak

Jasokundeko Amari eskainia da Elgetako eliza eta XIV. mendekoak dira lehenengo aztarnak. Bisitariek adi entzun zituzten Otxoa Donor de Olaegiren eta Jalotza etxeko Calahorrako inkisidore Martin Saez de Ibarraren hilobi gotikoen gainekoa azalpenak.

Horrekin batera Santiagoren albo-erretaularen eta aldare nagusian aurkitzen den Uriarteko Amaren irudiaren gainekoak. Sakristiak ere altxor ugari gordetzen ditu: Pablo Uranga margolariaren hiru pieza esanguratsu, Santa Anaren XIV. mendeko irudia edo erromesen ospitaleko Maria Magdalenaren irudia. Bisitan interes berezia sortu zuten koruko organo erromantikoak eta kanpandorreak. Organo-jotzaile Lorea Larrañagak pieza bat eskaini zuen eta kanpandorreko kanpaiak mugimenduan ikusteko aukera izan zuten bisitariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak