Hiru lagunek osatu zuten, domekan, Pintxo Lehiaketako epaimahai ofiziala: Manu Sarasua erretiratuen elkartetik, Ainara Arantzeta gaztetxetik eta Saioa Alberdi guraso elkartetik. Hurrengo bi domeketan gainerako bezeroen iritzia jaso gura dute antolatzaileek.
Lau pintxoak dastatu beharko dira botoa eman ahal izateko. Boto gehien lortzen dituenak jasoko du Publikoaren Saria. Gogoratu pintxoak euro bateko prezioan egongo direla salgai. Martxan da baita ere pintxoen osagaiak asmatzeko lehiaketa. Txarteltxoak eskuragarri izango dira.
Bisita gidatua elizara, argazki lehiaketa eta magia
Domekan, hilak 13, bigarren pintxo domeka izango dute Elgetan eta horren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte herrian. 10:00etan bisita gidatua egingo du Nerea Villak elizan. Ez dago aurrez izena eman beharrik eta bisita amaieran organoa joko du Lorea Larrañagak parte-hartzaileendako.
Argazki lehiaketa ere antolatu du Udalak. 12:00etatik 12:15era egongo da zabalik izen-emate mahai plazan. 12:15ean emango diote hasiera lehiaketari eta lau gai proposatuko dituzte antolatzaileek. Parte-hartzaileek 14:00ak aurretik bidali beharko dituzte argazkiak danonartian@elgeta.net helbide elektronikora. Argazki kamerak eskaintzen dituen aukerak soilik erabili ahal izango dira. 12 urtetik beherakoek heldu baten laguntza izan beharko dute. Saria da argazki kamera digital bat.
Magia ere izango da, domekan, Elgetan. Asier Kidam mago gasteiztarrak hainbat trikimailu egingo ditu tabernaz taberna, 12:30ean hasita. Eguerdiko txikiteoan, beraz, magia bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, domekan, Elgetara gerturatzen direnek.