Rincon de Lola tabernako 'Natura' pintxoak irabazi du Elgetako IX. Pintxo Lehiaketa

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko aza. 6a, 16:24
Maria Cobo Elgetako IX. Pintxo Lehiaketako txapelarekin.

Herriko lau tabernak pintxo bana aurkeztu dute lehiaketara. Epaimahaiko kide batek adierazi duenez oso estu egon da lehia batez ere bi pintxoren artean. Azkenean, Rincon de Lola tabernako Maria Cobok jantzi du txapela.

Rincon de Lola tabernak aurten hartu du parte lehenengo aldiz herriko pintxo lehiaketan, eta saria jaso du. Lau pintxo izan dira lehian eta Natura izenekoak jaso du sari nagusia. "Lehendik ere beste pintxo lehiaketa batzuetara aurkeztu izan dudan pintxoa da. Irabazi ere egin izan du. Ez da egiteko zaila, eta epela zerbitzatu behar da". Maria Cobok ezin ditu xehetasun gehiago eman. Elgetarrek beste bi pintxo domeka dituzte aurretik. Publikoaren Saria erabakiko dute bezeroek emandako botoekin. Bigarren erronka bat ere badago jokoan: aurkeztutako pintxoek zein osagai dituzten asmatzea, hain zuzen ere.

Edalontzi txiki batean aurkeztu du Cobok Natura eta gustuko izan dute bezeroek ere. Txanda egin behar izan dute askok pintxoa dastatzeko. Zenbakia eskatu eta txanda iritsitakoan jasotzen zuten bezeroek pintxoa. "Gustatzen zait jendea tabernan lasai egotea eta txandak errespetatzeko sistema hori ipintzea erabaki nuen", azaldu du tabernariak. "Pozik nago. Bereroek ere pintxoa goxoa zegoela esan didate eta mugimendua izan dugu tabernan. Domeketan beti egoten da, baina gaurko eguraldia ikusita ez nekien zelan joango ziren gauzak", azaldu du.

Pozik da Cobo jasotako sariarekin. "Nik erabakitako pintxoa da eta garrantzitsua da niretzat. Tabernarendako ere oso garrantzitsua dela uste dut".

Abenduan beteko da urtebete Maria Cobok Rincon de Lola taberna zabaldu zuela Elgetan.

Beste bi pintxo domeka

Lau tabernak hartu dute parte, aurten, pintxo lehiaketan: Haizea tabernak, Bolatoki tabernak, Maialde landetxeak eta Rincon de Lola tabernak. Euro bateko prezioan salduko dituzte lehiaketara aurkeztutako pintxoak hurrengo bi domeketan ere. Publikoaren Saria erabakitzeko bezeroek botoa emateko aukera izango dute lau pintxoak dastatu ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak