Hil-kanpaien usadio zaharra

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko urr. 30a, 09:00

"Andrazkoari bost eta gizonezkoari zazpi". Benedikta Bergaretxe elgetarrak dio hori horrela izan dela bere akordu guztian. Emakumeak urteetan bete du eginkizun horrekin, baina ordezkoren bat agertzea nahiko luke usadio zahar horrek jarraipena izan dezan

Beste herri askotan moduan Elgetan ere egunero entzuten da kanpai hotsa. Lehen baino gutxiago baina oraindik ere komunikazio modu bat da honakoa. "Behetik jotzen dira orain kanpaiak. Lehen ere bai. Soka bana zegoen elizako sarrera nagusiko alde banatan. Hori bai, haietako bat apurtzen zenean kanpandorrera igo behar izaten genuen. Kanpai-mihitik zintzilik dagoen sokatik tira egin eta jotzen genituen kanpaiak". Benedikta Bergaretxeren ahotik entzun ditugu azalpen horiek guztiak. Aspaldiko urteetan bera arduratzen da tokatzen denean Elgetan kanpaiak jotzeaz. Kanpandorrerako bidea egin dugu haren eskutik. 148 maila igo ditugu martxa onean, eta uste moduan herria beste modu batera ikusten da han goitik.

Beste leku askotan moduan denboraren joana markatzen dute gehienbat Elgetako kanpaiek. Hamabost minutu oro entzuten dira herrian. Gaur egun sistema automatiko bat dago ipinita, eta ez du inork antzina moduan atzera eta aurrera ibili beharrik. Hori bai, meza aurretik, hileta elizkizuna dagoenean edo herrian bateren bat hiltzen denean ere jotzen dituzte kanpaiak Elgetan. Behetik jotzen dira, botoi bat sakatzea besterik ez da, baina kasu honetan ere bateren batek hartu behar du ardura. "Batez ere hil-kanpaien kasuan", dio Bergaretxek. "Andrazkoari bost jotzen dizkiogu, eta gizonezkoari zazpi. Hori horrela da nire akordu guztian", azaltzen du.

Errelebo bila

Oraingoz Benedikta Bergaretxeri dagokio ardura hori. "Esango nuke nire aurretik Antonio Markiegi sakristauak jotzen zituela kanpaiak. Hura gauza izan ez zenean batek egingo zuela, besteak egingo zuela... Urteetan nenbilen elizan, eta azkenean nik ekion nion". Urtarrilean 81 urte beteko ditu emakumeak, eta pentsatzen hasita dago ordezkoa beharko lukeela. "Noski ardura handia dela. Kanpoan bazaude ere ardura hori duzu, eta deitzen badute pentsatzen dugu: Ene! Ezin naiteke joan orain!". Gainera, arduratsu jokatu beharra dago. "Hil-kanpaiak jo aurretik familiaren abisua jaso behar dugu", azaltzen du Bergaretxek. "Batzuetan gertatzen da familiak deitu aurretik izatea heriotzaren berri, baina ez ditugu kanpaiak jotzen familiaren abisua jaso arte".

Forma onean da oraindik Benedikta Bergaretxe, baina ordezkoren bat azaltzea nahiko luke. "Eskatu dut erreleboa, baina oraingoz ez da inor aurkeztu. Ea norbait animatzen den! Nik erakutsiko nioke", azaltzen du irribarrez.

Aspaldiko usadioa

Elgetarrek, batez ere adinez nagusienak direnek eta herrigunetik gertu bizi direnek, garrantzi handia ematen diete kanpai hotsei. "Batzuetan entzun ez badituzte galdetu egiten dute: Gaur ez da kanpairik entzun? Horregatik uste dut usadio hau bukatuz gero batek baino gehiagok botako lukeela faltan", dio Bergaretxek.

Gauza den bitartean jarraiko omen du hil-kanpaiak jotzen. Aitortu du dena den inoiz edo jo dituela kanpaiak bere ordez gertuko senitarteko batek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak