"Erabilerarik gabe egotetik erabilgarri lagatzea, eta erabilera ematea litzateke asmoa", adierazi dute deialdia egin duen Elgetako Udaletik. Astelehenerako, hilak 18, egin dute auzolanerako deia. "Kultura etxean izango gara 09:00etatik aurrera (...) erabilerarik gabe dauden guneak husteko eta garbitzeko", zehaztu dute. Herritar guztiei luzatutako auzolanerako gonbidapena da.
Udalak urrian egindako Ateak Irekiz ekimenaren ondorioz datorren deialdia da honakoa. Erabiltzen ez diren eremu publikoak ikusi, baloratu eta auzolanean berreskuratzeko saiakera egingo zutela adierazi zuten eta kultura etxearekin hastea asmoa agertu zuten.
Erabilerarik ez duten sei gela ikusi zituzten urrian egindako bisitan: txirrindularitza elkarteak erabili izan duena, erakusketak egiteko materiala gordetzen duen gela, hilean behin podologia kontsulta egiteko erabiltzen den gela, EPA gela, argazkilaritza gela izandakoa, eta bere garaian fonoteka izandako gela.