Euskal magia sortzaileak gonbidatu dituzte taularen gainera, euskaraz egindako sorkuntza lanek duten kalitatea goraipatzeko asmoarekin. "Euskal Herrian lehenengo aldiz antolatuko da horrelako erakustaldi bat. Euskarazko magiak euskal sorkuntzan duen indarra nabarmendu gura dugu, sinisten dugulako Espaloia kafe antzokia moduko espazio batek euskal sortzaileen lana indartzeko urratsak ematen jarraitu behar duela", azaldu zuen Janire Lazkanok, Elgetako kultura zinegotziak, eguaztenean egin zuten aurkezpenean.
Eskarmentu handiko magoak
Asier Kidam mago gasteiztarrak zabalduko du egitaraua eta familia giroan gozatzeko 1805 ikuskizuna egingo du egubakoitzean. Iraganeko eta orainaldiko mago ezagunen lanean inspiraturik, magiaren historian zehar bidaiatzera gonbidatuko ditu ikusleak. Zapatuko galan, berriz, hiru magoren trikimailuekin gozatzeko aukera izango da: Tor, Txoborro eta Imanol Ituño izango dira agertokian. Ikusleen parte hartzearekin, magia eta komedia saioa egingo du Tor eta Txoborro bikoteak. Ondoren, kartak, sokak eta bestelako tresnak agerrarazi eta desagerraraziko ditu Ituñok.
Zazpi urte zituela, mago batek belarritik txanpon bat atera zion Asier Kidami (Gasteiz, 1984); txundituta geratu zen, eta handik hiru urtera mago moduan debutatu zuen berak ere. Harrezkero, 2.000 saiotik gora egin ditu, telebistan eta askotariko aretoetan. Elgetan ordubeteko saioa egingo du askotariko tresnak erabilita eta garai ezberdinetako magia trukoak uztartuta; eta, bide batez, magiaren historia kontatuko die bertaratutakoei.
Hamalau urte zituela bere kabuz hasi zen magia ikasten Iñigo Gabilondo Txoborro (Bilbo, 1983); handik gutxira, Espainiako Ilusionismo elkartean eman zuen izena. Torrek, berriz, aitaitak kartekin magia truko bat egin zionean erabaki zuen mago izan gura zuela; hala ere, Ingeniari Industrial ikasketak egin zituen, baina magiak irabazi zuen. Nor bere bidetik zihoan, baina, 2012an elkartu, eta Akelar konpainia sortu zuten.
Ingeniaritza Elektronikoa urte batez ikasi eta gero, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen geroago Imanol Ituño (Bilbo, 1989). Erredakzio bat baino gehiago, festak, jaialdiak eta antzokiak ditu lantoki, txikitan konturatu zen-eta mago bat zeukala barruan. Haren esanetan, magia parrastan egiten pasatzen du denbora. Kartekin, sokekin eta bolatxoekin ikuskizun parte-hartzailea, dinamikoa eta familiarra egiten du; eta asmo horrekin doa Elgetara.
Sarrerak salgai daude
Eskuragarri daude ikuskizunetarako txartelak: "Egubakoitzerako sei eurotan daude eta hamar eurotan, berriz, zapatuko galarako. Pikupe Produkzioak-en bulegoan -Artekalea 7- eros daitezke, edo Pikupe.com atarian bestela, eta baita Elgetako Rincon de Lola eta Haizea tabernetan ere", azaldu du Pikupeko Iker Muruamendiarazek.