Igor Herce: "Saiatzen gara gaur egungo garaiarekin bat datozen produktuak egiten, kaleko jendeari zuzenduak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko mai. 30a, 09:00

Igor Herce etxeko tailerrean.

Eibartarra bada ere, Angiozarko Elizamendi auzoan bizi da aspaldi Igor Herce, eta bertan garatu du bere pasioa den ofizioa: artisautza. Narruarekin eta burdingintzan egiten du lan Arrate Egurrolarekin batera. E-mendi da euren marka.

Noiz hasi zinen artisautzan?  
Ikasketak bukatzean, narruarekin gauzatxoak egiten hasi nintzen. Erreminta etxean nuen, nire aita gaztetan zapata tailer batean egon zelako, eta tailer txiki bat mantendu du urteetan zehar etxean. Narrua erosi, moztu eta patroi batzuei bueltak ematen hasi, eta egiten nituen gauzak saltzen joan nintzen. Irabazitakoarekin narru gehiago erosi nuen... eta horrela.

Nola ikasi zenuen?
Lan eginez. Aitari ikusitakoa oinarri hartu, eta ondoren nire kabuz garatzen joan naiz. Lehen, ez zegoen Internetik gauzak nola egin ikusteko; beraz, probak eta esperimentuak eginez ikasi dut. Burdingintzan, berriz, 2006an hasi nintzen. Lagun batek ingude bat ekarri zidan; erabiltzeko gogoz nengoen, eta Debako ikastaro batean izena eman nuen. Orduan eraiki nuen nire lehen sutegia, eta erreminta txikiak egiten hasi nintzen. Pixkanaka, gauza gehiago egiten hasi nintzen, eta erakustaldietan parte hartzen. Duela hiru urte Toledoko eskola batera joaten hasi, eta han jarraitzen dut. Ofizio zirraragarria da.

Ze motatako lanak egiten dituzu?
Narruarekin, saiatzen gara gaur egungo garaiarekin bat datozen produktuak egiten, kaleko jendeari zuzenduak, ferietan-eta ibiltzen direnei. Eta horretaz gain, enkarguren bat edo beste eta gauza tradizionalagoak edo esperimentuak.

Gaur egun, gauzak etengabe erosi eta botatzera ohitu gara.
Funtzionatzeko era aldatu da. Joera orokorra urgentziazkoa da, apurtu edo modaz pasatzen diren gauzak... eta artisautzaren xedea da jendea gustura ibiltzea produktuekin, luze irautea eta kariñoa har diezaietela.

Gaur egungo teknologia berriek badute eraginik zure lanean?
Bai. Lehen, guztia zen artisautza, duela ez horrenbeste, erlatiboki. Horretan jarraitu nahi duena garai eta joera berrietara egokitu behar da. Esaterako, pezetetatik euroetara aldaketa izan zenean, diru zorroen tamaina aldatu behar izan genuen.

Feriaz feria ibiltzen zara?
Bai, herri desberdinetan, eta domeka askotan Donostiako Bretxan. Horrek bulego lana egitea ere eskatzen du, baimenak eskatzeko eta.

Burdingintza erakustaldiak egin izan dituzu ferietan.
Burdingintza historikoki oso garrantzitsua izan da. Horrela egiten ziren erremintak eta armak, tamalez giza historian inportantzia handia izan dutenak. Orain, industriak egiten ditu lan horiek, baina ez da beti horrela izan, lehenago eskuz egiten ziren. Orduan, helburu dibulgatibo bat daukate erakustaldiek, horren garrantzitsua izan den lanbidea erakustea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak