Beti erakusketa izan duzu ikusgai Bergarako Aroztegi aretoan azken asteetan. Zer erakutsi duzu bertan?
Kolore aldetik nahiko biziak diren koadroak ipini ditut ikusgai. Abstrakzioa bilatzen duten lanak dira eta ikuslea bere interpretazioa egitera gonbidatzen dutenak. Estiloari dagokionez oso geometrikoak dira.
Zein denbora tartean lortu duzu koadro uzta hau?
Azken urtean zehar egindako lanak dira denak.
Urte hauetan guztietan zein izan da zure estiloaren bilakaera?
Formak eta koloreak aldatu arren, nire koadroen nortasuna beti mantendu dudala uste dut. Tratamenduari dagokionez aldatu egin naizela esango nuke, bai margotzeko moduan eta baita margoen espresioan. Gazteagoa nintzenean koadro harrigarriagoak egiten nituen, baina orain, koadro anbientalagoak bilatzen ditut, lasaiagoak.
1994 eta 1996. urte bitartean zure artelanak Japonian egon ziren ikusgai. Nolako esperientzia izan zen hura?
Garai hartan, Yoshiatsu izeneko artista japoniar bat Elgetan bizi zen eta harremana zeukan Bergara inguruan mugitzen ginen margolariekin. Horri esker, Bingen de Pedroren, Ricardo Azkargortaren eta nire lanak Japonian erakutsi genituen. Positiboa izan zen gure margolanak hemendik kanpora ateratzeko aukera izatea, baina gero ez zuen jarraipenik izan.
Artearen munduan lehiakortasuna badago (bekak, sariak...). Nola bizi izan duzu lehiakortasun hori urte hauetan zehar?
Nire ibilbide guztian zehar sari eta beka batzuk izan ditut, eta laguntza hori baliagarria izaten da gauza berriekin esperimentatzeko. Egia da sariak eta bekak dauden artean lehiakortasuna badagoela. Baina adinarekin ikasten da margolanetatik bizitzea oso zaila dela, eta lehiakortasunak indarra galtzen du.
Zure ibilbidean, inguruko margolariekin elkarlanean aritu zara. Nolakoa da zuen arteko erlazioa?
Denbora luzea daramat Bergaran margotzen. Orain Bearten eta aurretik Irizar jauregian geneukan lokalean ere. Erlazio handia izan dut Rikardo eta Bingenekin eta talde bezala funtzionatzen dugu askotan. Erakusketa bat bakarrik prestatzeak lan handia eskatzen du, eta, taldean eginez gero, askoz errazagoa da bat osatzea.
Nola ikusten duzu euskal artearen etorkizuna?
Gaur egun lan gehiago egin behar dute gazteek. Artista eta arte forma asko daude eta hainbeste eskaintzaren aurrean nabarmentzea zailagoa da.