Elgetako Udalak ere errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu ditu herritarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko api. 15a, 09:00
Zergadunak Bergarako bulegoan errenta mekanizatua egiten.

Uemarekin elkarlanean abiarazi dute kanpaina. Helburua da herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatzea.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute elkarlanean Elgetako Udalak eta Uemak. Jakinarazi dute gero eta gehiago direla hautu hori egiten duten herritarrak, eta beharrezkoa dela, euskararen normalizaziorako bidean pauso handia eta sendoa izan dadin. "Errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da", gogoratu dute erakunde biek.

Erakunde biek gogoratu dute hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar dela, eta horretarako, garrantzitsua dela herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea.

"Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean ematen ari garen beste pauso bat da hau. Baina, pauso handia eta sendoa izan dadin, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da. Euskarak merezi duen lekua izan dezan egunero behar baitu gu guztion zaintza".

Horregatik, errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu dituzte elgetarrak ere.

Gomendioak

. Autolikidazio proposamena: jasotako proposamena onartzerakoan euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

. Mekanizatua: hitzordua hartzerakoan adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula. Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu. Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

. Internet bidezkoa: errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu. Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska dezakezu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak