Herritarren parte-hartzerako udal ordenantza proposamenaren jendaurreko aurkezpena egin zuen, atzo, Udalak. Dokumentuak 22 orri ditu, eta udalbatzak otsaileko osoko bilkuran aztertuko du bere onarpena. "Danon artian, danon herrixa parte-hartze prozesuan gaiarekin lotutako hainbat ekarpen jaso genituen. Horiek aztertu eta jaso ditugu ordenantza proposamen honetan", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. "Ordenantza ez da behin betikoa. Praktikak erakutsiko digu zer gehitu, zer kendu edo zer aldatu behar den. Helburua da herritarren parte-hartzea bultzatzea".
Herritarren eskubideak aitortzen ditu, besteak beste, ordenantzak, eta herritar dira udal erroldan izena emanda dauden pertsona guztiak. Parte-hartzeko eskubidea, informazioa jasotzeko eskubidea, entzuna izateko eskubidea, eskaerak luzatzeko eskubidea edo herri ekimenerako eskubidea jasotzen ditu dokumentuak.
Parte-hartzerako prozedurak eta epeak ere finkatzen ditu ordenantzak, eta aurreikusten ditu, besteak beste, Udalak deitutako galdeketak, herritarrek bultzatutako herri galdeketak, proiektu ezberdinen arteko herri aukeraketak eta inkestak.
Parte-hartzerako zinegotzi Janire Lazkanok azaldu du 100.000 eurotik gorako aurrekontua duten udal proiektuen kasuan lanketa berezia egingo duela Udalak. "Proiektu horiek publiko egingo dira eta hamabost eguneko epea egongo da iritziak eta alegazioak jasotzeko. Udalak ahalegin berezia egingo du herritarrak gaiaren inguruan informatzeko". Eta herritarrek beti izango dute udal eskumenekoa den edozein gairi buruzko galdeketa eskatzeko aukera ordenantzak ezarritako prozedura jarraituz.
Bestelako neurriak
Ordenantzak jasotzen du baita ere alkateak gutxienez astean egun bat hartuko duela herritarrak artatzeko, Udalak aurrekontu parte-hartzaileak bultzatuko dituela, eta urtean behin gutxienez udal aldizkaria argitaratuko dela. "Praktikan ematen diren gauza asko jasotzen ditu dokumentu honek, baina garrantzia ematen diogu zerrendatuta eta araututa egoteari" adierazi du Janire Lazkanok. "Argi dago ordenantzak, berez, ez duela herritarren parte-hartzea bermatzen. Pedagogia egin beharko da". Onartu eta gehienez urtebetera balorazioa egingo du Udalak.