Bihar euskararen argia pizteko gertu, Elgetan

Iaz, Euskararen Egunean egindako mosaiko erraldoia.

Euskararen Nazioarteko Egunerako ekintza ugari prestatu dituzte herriko hainbat eragilek. Goizean goizetik, egun berezia izango dute Herri Eskolan eta 16:15ean hasita herriko plazan jarraituko du aldarrikapen festak.

"Euskarak 365 egun dituela esatera gatoz, aurten ere", adierazi dute Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko ekintzak antolatzeko elkartu diren herri eragileek. Hala, Euskara erabili eta euskaraz bizi; erabizi! lelopean ekintza egitarau zabala prestatu dute. Iragarri dituzte, besteak beste, musika, salmenta eta informazio postuak, txokolate jana, bizkotxo salmenta, mosaiko erraldoia, ekitaldia... "Eta eguna iluntzen denean, euskararen argia piztuko dugu Elgetan", eman dute jakitera.

Eskolatik plazara

Goizean goizetik Herri Eskolako neska-mutikoek eskola egun berezia izango dute. Musikak girotuko du sarrera zein irteera, eta jolas bereziak izango dituzte jolastoki orduan. Martxan izango dute, baita ere, euskararen zalantzen zakua non bakoitzak bere zalantzak bota ahal izango dituen eta denen artean argitu. 11:30ean, jaialdi berezia egingo dute eskolako atarian. Irudiak eta bertsoak ipiniko dituzte sarrerako horman eta zutabeetan, guztiak Euskararen Egunarekin lotuak. Eta kantuan egingo dute. Aurten ere, Pirritx eta Porrotx pailazoen Eskuetan eta Esne Beltza taldearen Euskaraz bizi nahi dut kantuak aukeratu dituzte.

Plazara irtengo dira Euskararen Eguneko ekintzak, 16:15ean. Lehenengo eta behin mosaiko erraldoia egingo dute herritarrek 365 irudia osatuz. Helburua da iazko moduan argazkia ateratzea. 17:00etan txokolate beroa eskainiko du Maala guraso elkarteak. 17:30erako iragarri dute antolatzaileek eguneko ekitaldi nagusia, plazan. Eta iluntzean, 18:00etan, euskararen argia piztuko dutela jakinarazi dute.

Esan gabe doa herritar guztiak daudela gonbidatuta Euskararen Eguneko ekintzetan parte hartzera.

Adierazpen instituzionala, aho batez

Elgetako udalbatzak bat egin du Euskararen Eguneko aldarrikapenarekin. Azaroaren 29an egindako osoko bilkuran udal ordezkariek aho batez onartu zuten UEMAk proposatu eta EH Bilduk aurkeztutako adierazpen instituzionala. Bertan, euskaraz modu naturalean aritzeko borondatea jasotzen da, eta baita ere aitortzen da eta eskertzen da bereziki euskaldun berriek egindako ekarpena: "Euskara ikastearekin, udalerri euskaldunek gure hizkuntzari eusteko dagokien alea jarri dutelako", irakur daiteke, besteak beste. 

Udalbatzak aho batez onartutako adierazpen instituzionala

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.