Zapata gorriz jantziko dute gaur Elgetako plaza genero indarkeria ikusarazteko eta salatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko aza. 25a, 09:07

Zapatuan, gaztetxean, herritarrengandik jasotako zapata zaharrak gorriz margotzen.

Herritarrek lagatako 40 bat zapata pare gorriz margotuta daude 16:30etik aurrera ikusgai egongo den arte instalazioa egiteko. Elkarretaratzea ere deitu dute Elgetan Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta; 18:30ean izango da. Udalbatzak, bestetik, aho batez onartu du EH Bilduk gaiaren inguruan aurkeztutako adierazpen instituzionala.

Aurten Euskal Herrian sei emakume hil dituzte, ustez, euren bikotekide edo bikotekide ohiek. Eraso, irain eta jarrera oldarkorrak ere indarkeria dira. 

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Elgetan ere genero indarkeria egoerak bukatzea aldarrikatuko dute. Arte instalazioa eta elkarretaratzea deitu dituzte gaur arratsalderako. 

Arte instalazioa eta elkarretaratzea

16:30ean hasita arte instalazioa izango da ikusgai Herriko plazan. Herritarrek liburutegian lagatako 40 bat zapata pare zaharrekin egingo dute. Gorriz margotu zituzten zapatak, zapatu goizean, gaztetxean. Ekintza honek 2009an Mexikoko Ciudad Juarezen Elina Chauvet artistak egindako arte instalazioa du inspirazio. “Ciudad Juarezen hiltzen zituzten emakumeak ikusarazi nahi izan zituen Elina Chauvet mexikar artistak. Emakumeak hil eta desagerrarazten zituzten eta sarritan zapatak bakarrik agertzen ziren”, adierazi du ongizate zinegotzi Agurtzane Alkaldek. "Eskertzekoa da herritarren parte hartzea. 40 bat zapata pare jaso ditugu. Oso pozik gaude herritarren ekarpenarekin", gaineratu du. "Eta zapatak margotzeko tailerrean ere oso gustura aritu ginen, haur zein heldu".

Arte instalazioa ikusgai dela egingo dute indarkeria sexistaren amaiera aldarrikatzeko elkarretaratzea, 18:30ean. Herritar guztiak daude parte hartzera deituak.

Autodefentsa feminista tailerra

Barikuan eta zapatuan, berriz, Bideberri mankomunitatearen eskutik Elgetako ongizate sailetik antolatutako autodefentsa feminista tailerra egin zuen 14-53 urte arteko emakume talde batek. Zortzi orduko tailerra izan zen, eta herritarrekin elkarbanatu nahi izan dituzte ateratako hainbat ondorio:

. Ez dugu indar berdina, baina gure burua defendatzeko gai gara. Beti saia gaitezke erasoari aurre egiten oso praktikoak diren zenbait teknika erabilita. Ahultasunarekin lotzen gaituzte, eta hori gainditu beharra dago.

. Ez du inork erasorik merezi, ez fisikoa ez psikikoa. Ez bilatu aitzakiarik (une txarra da, jeloskor dago...). Eta jakin beharko genuke eraso horien aurrean ez gaudela bakarrik, eta batez ere ez garela erantzule.

. Deigarria da jarrera desegoki baten aurrean —kasu honetan gizonezkoena— emakumeok egin behar izatea ikastaroa eta ez gizonezkoek. Errespetuzko eta berdintasunezko harremanak landu behar dira.

. Bide luzea dugu aurretik. Ez gara berdinak ez daudelako bi pertsona berdinak direnak. Baina tratu berdina merezi dugu. Amaiera eman behar diegu hainbeste heriotzari, erasori... Inor ez da beste inoren jabetzakoa genero kontuengatik. Ez gara apaingarriak eta mezu sexistak identifikatzen ikasi beharko genuke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak