Asier Unzetabarrenetxea, lehiatzeko gogo handiagoarekin

Josu Bilbao 2015ko aza. 20a, 15:00

Asier Unzetabarrenetxea bere BMW autoarekin, Asentzion.

Elgetako pilotu gaztea lehiaketetara itzuli da aurten, eta denboraldia oso gustura amaitu du. PUNTUA aldizkarian egin diote erreportajea.

Iaz ez zuen lasterketarik egin, ezkondu egin zelako: “2014an ez nuen lasterketarik egin, ezkondu egin nintzen eta. Orduan autoa geldi izan nuen, etxean errietarik ez hartzeko. [Barre] 2015ean emazteak, gurasoek, lagunek eta babesleek asko lagundu eta animatu naute lehiaketetara bueltatzeko. Eurei esker animatu naiz, eta denboraldirik onena burutu dut. Esperientzia handia hartu dut eta oso gustura gelditu naiz. Gorlako Igoera, Udanakoa eta San Migeleko eta Aramaioko rallysprintak egin ditut. Autoak ere oso ondo erantzun du, gainera”.

Babesleen garrantzia

Autoekin lotutako kirolak ez dira merkeak, eta Unzetabarrenetxeak babesleak ezinbestekoak direla gogorarazi du: “Babesleen laguntza ezinbestekoa da kirol honetan. Horiei esker, lasterketa batzuk nahiko pozik bukatu ditut eta ez dut poltsikoa hainbeste zulatu. Oso garrantzitsuak dira, diru asko doalako kirol honetan. Hala ere, dirua baino gehiago, gogoa behar da. Non eta noiz gastatu jakitea ezinbestekoa da. Buruarekin jokatu behar da. Gero, lasterketa batean kolpe bat har dezakezu eta planak bertan behera gelditzen dira, baina...”.

Autoek zale asko mugitzen dituzte Euskal Herrian, eta, elgetarraren ustez, erakusleiho apartak dira: “Ez da erraza babesleak aurkitzea. Zeini eskatu jakin behar da. Nire kasuan, babesleak etorri egin zaizkit aurten gogoz ibili naizela ikusi dutelako, eta lagunak ere badirelako. Asko eskertzen da. Auto asko babesleengatik ezagutzen dituzte zaleek. Jendeak, bihurguneetan batez ere, autoaren ateak ikusten ditu, eta babeslearen izenarekin erlazionatzen dituzte autoak”.

Bizkaiko balkoia rallya

Elgetatik pasatzen da rally ikusgarri hori, nahiz eta aurten ez den herritik bertatik pasatu. Unzetabarrenetxearen ametsetako bat Bizkaiko Balkoia Rallya bukatzea izango litzateke. “Nire ametsa, orain, Bizkaiko Balkoi Rallya edo Lea-Artibai Rallya hasi eta bukatzea izango litzateke. Nik ez dut nahi Kantabriara edo urrutira joan lehiatzera. Hemengo probak nahiago ditut. Elgetan, Bizkaiko Balkoia proban, jendea animatzen, gurasoak, amama... Etxean jendeak animatu egiten zaitu, eta hori itzela da”, dio pilotuak.

Datorren denboraldia

Asier Unzetabarrenetxeak proba gehiago egingo ditu datorren denboraldian, eta alboko eserlekuan bidaiari berri bat ere izango du. “Datorren urtean anaia txikia nire kopilotu izatea gustatuko litzaidake. Ez da ni bezain zale amorratua, baina nik etortzeko eskatu diot. Nire ondoan joateko beldurrik ez du, eta hori da garrantzitsuena. Laguntzera etortzen da beti, gainera. Izan ere, lasterketa gehiago egiteko asmoa dut. Jendeak laguntzen badit eta jendea ikustera etortzen bada, zoragarri”, azpimarratu du pilotu elgetarrak.

Autoa puntuan jartzeko eta prestatzen joateko Miranda de Ebroko zirkuituan egingo ditu saioak: “Orain, autoa konpontzen nabil eta pixkanaka zirkuitura joango naiz, Miranda de Ebrora, hobekuntzak egiteko asmoarekin. Bertan, autoa puntuan jartzeaz gain, eskuak hartzen dituzu. Urte osoan ez bazara ibiltzen, azkenean, ohiturak galdu egiten dira. Mirandako zirkuitua 4 orduko 600 euro dira, gutxi gorabehera. Horregatik, 10 lagun inguru batzen gara eta bakoitzak 50 euro ordaintzen ditu. Autoa probatu, eta gurpilak erre egiten dira, azken finean”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak