Egun seinalatua da gaur, Elgetan. 1936ko altxamenduaren ostean tropa frankistek laster hartu zuten Gipuzkoa, eta lehenbailehen Bizkaian sartzea zuten helburu. Urriaren 4an, ordea, gudarien eta milizianoen erresistentziarekin egin zuten topo Intxortako magalean, eta Intxortako defentsa lerroak zazpi hilabetez eutsi zuen.
Urriko lehenengo bisita gidatua frontea ezarri zeneko urteurren egunean izanik bisita berezia gertatu dute gaurko egunerako Elgetan. Bisita doan izan da, eta ez da aldez aurretik izena eman beharrik izan. Ohikoa den moduan, Espaloia kafe antzokian dagoen memoria historikoaren euskal interpretazio zentrotik abiatu da taldea. Ibilbidean, ordea, hainbat lagunekin egin dute topo bisitariek.
Taldea Beldarrain komandantearen omenezko monolitora iritsi direnean eztandak entzun dituzte, eta ihes zihoan gudari batekin egin dute topo. Bonbardaketa zela esan die, eta babeslekura joateko. Horrela egin dute bisitariek, eta babeslekuan zeudela eztanda gehiago entzun dira.
Gidariak, orduan, babesleku bat zer den eta zertarako erabiltzen zen azaldu du. Ondoren, eta gudariaren laguntzarekin La Belga posiziora egin du taldeak. Bertan CNT-ko bi neska aurkitu dituzte. Bisitariek, orduan, emakumeek gerran izandako garrantzia ezagutu dute.
CNTko bi neskek lagunduta Salbador ermitara egin du taldeak. Bertan morteroen teniente bat eta haren laguntzaileak zituzten zain. Tenienteak morteroen gaineko informazio ugari eman die bisitariei, eta hiru tiro egin dituzte. Hamaiketako batekin eman diote amaiera bisitari.
Intxorta 1937 kultur elkarteak antolatu du antzerki-forma hartu duen bisita gidatu berezia.